Azkoitiko Udala bihar da datorren urteko ordenantza fiskalak onartzekoa, eta Udal Gobernua osatzen duen EAJ alderdiak ohar bidez jakinarazi du etxebizitza hutsen gaineko %150eko gainkarga ezartzearen aurka dagoela. Izan ere, EAJren esanetan, EH Bilduk eta Azkoitia Baik elkarrekin aurkeztutako emendakin partziala aurkeztu dute neurri horri dagokionez.
Jeltzaleek gogoratu dute etxebizitza horiek %100eko gainkarga ezartzea onartu zuela udalak 2023an —argindarraren kontsumoan oinarritutako zenbait salbuespenekin—, eta iaz, horiek ere kendu egin zirela ordenantza fiskalen "akordioa ixte aldera". Alkateak bere jarrera zein den argitu du udalbatzarraren bezperan: "Gure ustez gehiegizko igoera da, kontuan hartuta %100eko errekargua aplikatzen dugula duela bi urtetik hona. Horixe negoziatu eta adostu genuen. Orduan ere ez ginen errekarguaren aldekoak, baina negoziaketa batek eman eta kendu egiten du. Ordea, ezin dugu urtero gauza bera eztabaidatu. Oreka bilatu behar dugu, jabetzarako eskubidea ere existitzen baita. Gainera, ezin dugu baieztatu errekarguak alokairuko etxebizitza eskaintza handitzen lagundu duenik". Datu bat ere ekarri du gogora hark: "Errekargua ezarri aurretik 68 etxebizitza zeuden inskribatuta Bizigunen, eta gaur egun 71 daude. Etxebizitza eskaerari aurre egin behar diogu, noski, eta errekarguaren igoera defendatuko genuke merkatuan benetako eragina izango balu, baina oraingoz, diru bilketarena da sortzen duen eragin bakarra. Uste dugu badirela hartu ditzakegun beste neurri batzuk, hala nola Bizigune bezalako programek eskaintzen dituzten abantailak azpimarratzea, gero eta etxejabe gehiago animatu dadin etxea alokairuan jartzera”. Hark gogoratu duenez, Bizigune programan sartzen diren etxebizitzek, adibidez, %99ko hobaria dute kontribuzioan, "iaz hala adostuta".
Alderdiaren arabera, etxebizitzen gaineko errekarguarena da EAJren eta oposizioaren artean "eztabaida" eragin duen gai nagusia. Bestalde, aurreratu duenez, udal tasa eta zerga nagusiak %2,5 igotzea da asmoa, besteak beste, kontribuzioan zein Elkarguneko tarifetan. Aldaketa nagusia zaborren tasan dagoela azaldu du hark, legez tasa horrek ezin duelako izan "defizitarioa", eta horregatik "doikuntza nabarmena" jasango duelako. Ordenantza fiskalak onartuz gero, etxeetako, merkataritzako eta ostalaritzako tasak %6 egingo du gora, eta industria tasa, berriz, %13 jaitsiko da.