Urrategiko Amaren Eguna ospatu zuten atzo, igandea, Azkoitiko Urrategi auzoan. Goizean, elizkizunak, bertsolarien saioa eta trikitilarien erromeria izan ziren, baina, arratsaldean ere, adin guztietako herritarrentzako izan ziren ekintzak. Euriak arratsaldea zapuzteko keinua egin bazuen ere, Urrategin bildutakoek gogotik gozatu zuten jaien azken eguna.
Haurrentzako jolasak, puzgarriak eta tailerrak egin zituzten arratsaldean aurrena, eta gero, Iagomagok ikuskizuna eskaini zuen frontoian; asko izan ziren magoarengana gerturatu eta haren trikimailuetan parte hartu zuten herritarrak, izan helduak edo haurrak. 18:00etan, berriz, herri kirol saioa jokatu zuten auzoko plazan. Harria jasotzen Ion Unanue Goenatxo III.a, Haritz Aranguren Norde eta Udane Ostolaza aritu ziren, eta aizkoran, Karmele Gisasola Zelai III.a eta Malen Barrenetxea.
Kirol probak jokatu eta gero, ilundu bitartean erromeria eskaini zuten Zabale, Aintzane eta Lutxurdio trikitilariek. Nolanahi ere, haur eta gazte ugari igo zen haiekin batera oholtza elkarbanatzera eta soinua zein panderoa astintzera. Ohiko bidetik, jai giro ederrean agurtu zituzten datorren urtera arte jaiak Urrategin.
Jaien aldeko zozketa
Antolatzaileek Urrategiko jaien aldeko zozketa ere egin zuten atzo. Otarre bat zozkatu zuten haiek, eta 236 zenbakia da irabazlea. Atzo irabazlerik agertu ez zenez, ordezko zenbakia ere atera zuten; 16 zenbakia da erreserbako zenbakia.
Irabazleak 15 eguneko epea izango du zenbaki irabazlea aurkezteko, uztailaren 27ra artekoa, alegia. Lehen zenbaki hori agertuko ez balitz, erreserbakoak izango du otarrea jasotzeko aukera. Irabazleak 656 78 50 80 telefonora deitu beharko du saria eskatzeko.
(Irudiak: Ibon Errazu)