Ibon Osinalde da Anaitasuna futbol taldeko presidente berria

Andoni Elduaien - Urtzi Oteiza 2025ko eka. 25a, 11:01

11 urteren ondoren, Pedro Urdapilletak utzi egingo dio futbol taldeko presidente izateari, eta haren lekukoa hartuko du Osinaldek. Atzo egin zuen Anaitasunak urteko batzar nagusia, eta han hartu zuen kargua Azkoitian bizi den mutrikuarrak. Klubaren antolakuntzan eragin nahi du Osinaldek, eta horrekin batera, zenbait berrikuntza txertatu. 

Azkoitiko Anaitasuna futbol taldeak atzo, asteartea, egin zuen klubaren urteko batzar nagusia, Elkarguneko Intsausti aretoan. Urtero moduan, igaro berri den denboraldiaren balantzea egin zuten zuzendaritza batzordeko kideek, hala nola antolakuntzari lotutakoa, ekonomiari buruzkoa eta kirol arlokoa. 

Ordea, atzoko batzarrak bestelako puntu esanguratsu bat ere izan zuen: presidente aldaketarena. Igaro berri den sasoiari lotutako kontuak azaldutakoan, Ibon Osinaldek hartu zuen hitza, Anaitasuna futbol klubeko presidente berriak. 11 urtez presidente lanetan aritu eta gero, Pedro Urdapilletak kluba uzteko erabakia hartu du aurten, eta harekin batera, baita Borja Maruri diruzainak ere. 

Osinaldek hamabost urte daramatza Azkoitian bizitzen, eta hark azaldu zuen herrian "etxean bezala" sentitzen dela aurreneko egunetik. "Oso kimika ona dut bertako jendearekin. Gainera, futbola asko gustatzen zait; lehen Mutrikun jokatzen nuen, eta hona etorri nintzenetik Txerloira joateko ohitura dut".

Presidente berria Anaitasunaren Futbol Eskolan hasi zen laguntzen entrenatzaile bezala, baina zuzendaritza batzordeak iaz egindako deialdiari erantzunez, batzordeko kide izan da azken urtebetean. "Kluba barrutik ezagutzeko aukera izan dut. Zuzendaritzan pixka bat larri zebiltzan, eta pasa den urtean laguntza eskatu zuten. Laguntzeko asmoz, zuzendaritzan sartu nintzen. Orain, pauso bat gehiago ematera animatu naiz ilusio eta gogo guztiekin", esan zuen. 

Proiektua argi

Osinaldek ideia berri batzuekin hartu du presidente kargua, eta horiei lotuta, zenbait aldaketa egingo dituzte. Batetik, klubak digitalizazioari helduko diola adierazi zuen hark, eta horretarako, app berri bat jarriko dutela abian; besteak beste, klubari nahiz klubeko kideei buruzko informazioa bilduko duen tresna izango da aplikazioa, baita klubarekin harremanetan jartzeko kanala ere.

Bestalde, arropen kudeaketan iragarri zituen aldaketak presidente berriak. "Plazaberrin lokal bat irekiko dugu arropen kontuari lotuta eta arretarako gune bezala". Lokal horretan, gainera, bazkideei, gurasoei zein jokalariei zalantzak argitzeko edota eskaerak egiteko aurrez aurreko zerbitzua eskainiko die klubak. Presidentearen arabera, egoitza hori uztailerako irekita izatea espero dute.

Anaitasuna "berezi bere filosofiak" egiten duela esan zuen Osinaldek. "Anaitasuna klub bezala ezagutzen nuen; Mutrikun ere izen ona eduki izan du betidanik. Bat egiten dut azkoitiarrek duten izaerarekin eta naturaltasunarekin. Anaitasunak balio onak transmititzen ditu, jende zintzoa eta serioa da, talde euskalduna eta irudi onekoa". Hain zuzen, balio horiekin segitzeko asmoa erakutsi zuen presidenteak. "Herriko jendearekin jarraitu nahi dugu bai entrenatzen eta bai jokatzen, umetatik gauzak ondo landuz, lehen taldeetara ailegatzeko".

Euskarari eman nahi dioten garrantzia ere azpimarratu zuen. "Talde euskaldun bat garen heinean, euskarari balioa eman behar diogu. Klubeko erabaki guztietan hartu behar dugu kontuan euskara dela gure hizkuntza, eta euskara erabili behar dugu jokalarien, taldeen eta entrenatzaileen artean, baita zuzendaritzan eta klubaren kudeaketan ere". 

Antolakuntzan aldaketak

Osinalde Anaitasuna futbol taldeko bigarren presidente mutrikuarra izango da; izan ere, Jose Mari Flores mutrikuarra ere gorritxoen presidentea izan zen duela hamarkada batzuk. Aurrerantzean, hiru lagunek osatuko dute klubaren zuzendaritza, Osinaldez gain, zuzendaritzan jarraituko dute-eta Josu Juaristi eta Igor Blanco kirol zuzendariek. 

Hiru kide horiek jarraituko dute Anaitasunan, eta presidentearen arabera, "baliabide gutxi" da hori, "jende gutxi" da Anaitasunak duen egitura kontuan hartuta. "Eraginkortasuna" bilatze aldera, antolakuntzan zenbait aldaketa egingo ditu zuzendaritza berriak. "Zuzendaritzako kideok balio erantsia duten gauzetara dedikatzea nahi dugu, hala nola diru-iturrietara, babesletzara, bazkideen zaintzara eta kirol arlora. Antolakuntzako beste area guztia eraginkorra izatea nahi dugu, eta hor aldaketak planteatzen ditugu". Batetik, zuzendaritza batzordea sostengatuko duen laguntzaile talde bat eratu dute, hamabi lagunez osatutakoa, eta horrekin batera, egunerokotasunean klubaren bueltan lan egingo duen talde operatibo bat.

Urdapilletaren agurra

Urdapilletak 11 urte egin ditu Anaitasuna futbol taldea zuzentzen. Zuzendaritza batzordean egindako lanaren balorazio positiboa egin zuen hark batzarraren ostean. "Horrelako kargu batek beti izaten ditu gauza negatiboak eta positiboak, baina balantzan jarriz geroz, zalantzarik gabe, positiboek irabazten dute", azaldu zuen.

Bizipen asko dituela nabarmendu zuen hark. "11 urtean gauza asko gertatu dira, bai igoerak, bai jaitsierak. Ordea, bai emakumeen eta bai gizonen arloan gauzak egiteko izan dugun ilusioa izan da niretzat bizipenik garrantzitsuena. Momentu puntualak memorian gelditzen dira, baina, orokorrean, bat egindako sentimendu bat dut, bai bazkideekin, bai publikoarekin, bai jokalariekin, bai entrenatzaileekin eta bai inguruan dugun familia guztiarekin". 

Anaitasunako etapa itxi berritan, "nekatuta" dagoela ere aitortu zuen Urdapilletak, baita "gauza berriak" egiteko "gogoz eta ilusioz" ere. "Kontrako sentimenduak ditut orain; pena ere bai, Anaitasuna bizimodu bat bihurtzen baita, azkenean. Anaitasunan gertatzen den guztia hartu behar da kontuan. Horregatik, pena pixka bat ere badut. Bestalde, ordea, aldaketa dator, eta uste dut ona dela hori klubarentzat". Amaitzeko, Ibon Osinalderi "umiltasunez lanean jarraitzeko" gomendioa egin zion hark. "Uste dut oso lan ona egingo duela", esan zuen. 

Larunbatean, gainera, Anaitasunak Gorrien Eguna ospatuko du, eta ohi bezala, han sarituko dituzte sasoi honetan klubeko talde guztietan gol gehien sartu dituen jokalaria eta gehien nabarmendu den taldekidea. Kluba uzten duten kideak ere omenduko dituzte era batera edo bestera.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide