IX. Pilotari Egunak utzitakoak, bideoan

Maialen Etxaniz - Julene Frantzesena 2025ko eka. 8a, 09:30

Kamiseta gorriak eta urdinak soinean atera ziren kalera atzo, horren kutuna duten Pilotari Eguna ospatzera. Goizetik arratsaldera arte, hainbat pilota partida eta final jokatu zituzten Kontsejupean, eta gertutik jarraitu zituzten pilotazaleek. Atzokoan, Tapiatarren dinastiari egin zioten aitortza. Egunak utzitako irudiekin eta adierazpenekin osatutako bideoa da hau.   

Ostiralean Pelotari Txiki Eguna ospatu ostean, larunbatez feste bete-betean murgildu zen Azkoitia, IX. Pelotari Egunean. Gorri zein urdin koloreko kamisetak soinean, txistularien, erraldoien eta buruhandien kalejirarekin hasi zuten eguna, pilota partidei hasiera ematearekin batera. Aurreneko hiru partidak ikusteko jendez bete zen Kontsejupea, eta bertatik bertara ikusi ezin zutenek, Txulue elkarteak eta Gukak plazan jarritako pantailatik ikusteko aukera izan zuten. Era berean, pilotak egiten ikasteko parada ere izan zuten herritarrek.  

Lehen pilota partidan, emakumeen artekoan, Berrokal eta Aranburu nagusitu ziren 25-21. Haien ostean, gizonen bi eta erdiko txapelketaren finala izan zen, eta Iraitz Korta eta Jon Larrañaga Xomorro aritu ziren nor baino nor. Kortarentzat izan zen txapela, baina estu joan zen partida, eta giro zoragarria piztu zen. Ondoren iritsi zen Tapiatarren dinastiari egindako omenaldia. Jarraian, Jon Andreuk eta Mikel Goñik Oinatz Bengoetxearen eta Aitor Goenagaren aurka jokatu zuten neurketa, eta ikusmina piztu zuen hitzorduak. 

Arratsaldean jarraitu zuten partidek, baita festa giroak ere. Emakumeen binakako txapela Eneritz Garatek eta Oihana Aranbarrik jantzi zuten eta gizonetan Markel Andueza eta Lander Alberdi izan ziren nagusi. 

Honako hau ostiraleko eta larunbateko irudiekin zein adierazpenekin osatutako bideoa da. 

 IX. Pilotari Eguneko kronika osatua, emaitzak eta argazki bilduma, hemen

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide