Ostegun arratsaldetik emakume idazleen plaza izan da Elkarguneko Oteiza aretoa. Maxixatzen Euskaldunon Elkarteak Azkoitiko Udalaren laguntzarekin antolatu duen Geure Gelatik azokan, euskara hutsez eta emakumeek idatzitako liburuak eskuratzeko eta hainbat liburu aurkezpen bertatik bertara jarraitzeko aukera izan dute herritarrek. Uxue Alberdi, Amancay Gaztañaga, Yolanda Arrieta, Ione Zuloaga eta Itsaso Martin izan dira horietako batzuk.
Gaur eguerdian, berriz, Miren Agur Meabe idazle lekeitiarrari (Bizkaia) omenaldia egin diote, eta horrela, azokari itxiera borobila eman. Jasone Osoro iazko omenduaren eskutik jaso du oroigarria Meabek, hunkituta, eta bueltan, 99 arrazoi irakurleari laudorio egiteko deitu dion idatziarekin eskertu du jasotakoa. Bukatzeko, iazko Bi minutu lehiaketan sarituak izandako lanak irakurri dituzte, eta aurten ere lehiaketa egiteko asmoa badutela jakinarazi dute antolatzaileek.