Sidenorreko lan gatazka

Sidenorrek aldi baterako lan erregulazio espedientea luzatuko du Azkoitiko lantegian

Andoni Elduaien 2025ko mar. 25a, 21:26

Sidenor lantegia. (Sidenor)

Enpresa hitzarmena adosteko negoziazioak bertan behera utzi eta gutxira eman du Sidenorrek aldi baterako lan erregulazio espedientea luzatzeko erabakiaren berri. Baldintzak negoziatzen has daitezen, zuzendaritzak enpresa batzordeei dei egiteko asmoa du datorren astean.

Sidenorrek iazko apiriletik indarrean duen aldi baterako lan erregulazio espedientea luzatuko du Azkoitiko eta Reinosako (Espainia) lantegietan. Altzairu enpresak gaur jakinarazi duenez, iaz eskaeretan izan zuten beherakada ez du berreskuratu lantegiak, eta beraz, aldi baterako lan erregulazioko espedientea mantentzeko "beharra" nabarmendu du. Hartu duten erabakiaren atzean "ekoizpen arrazoiak" daudela argudiatu du enpresak. 

Altzairu enpresak iazko apirilean jarri zuen abian egun indarrean dagoen aldi baterako lan erregulazio espedientea, eta orduan ere gaur eman dituen arrazoiak eman zituen espedientea abiarazteko. CCOO, UGT eta USO sindikatuek eta enpresako zuzendaritzak hura indarrean jartzeko akordioa erdietsi eta gero jarri zuen martxan Sidenorrek aldi baterako lan erregulazio espedientea iaz. Espediente hura, baina, "tranpa" eginda onartu zutela salatu izan dute ELA eta LAB sindikatuetako ordezkariek; izan ere, espedientea egiterakoan, Reinosako lantegiarekin egin zuen bat enpresak, eta erabaki horren eraginez, ELA eta LAB sindikatuek Azkoitian duten gehiengoa galdu zuten. 

Urtebeterako aldi baterako lan erregulazio espedientea izan den iaz enpresako zuzendaritzak eta UGT, CCOO eta USO sindikatuek sinatutakoa, baina beste sei hilabetez luzatzeko aukerarekin. Azkoitiko lantegiak ia 300 langile ditu, eta han %20ko espedientea dute indarrean; kontrara, Kantabriakoan oraindik ez dute ezarri. Orain, zuzendaritzak enpresa batzordeei dei egingo die datorren astean baldintzak negoziatzen has daitezen.

"Zailtasunak sektoreekin"

Espedientea luzatzeko erabakia hartu dutela jakinaraztearekin batera adierazi du Sidenorrek "zailtasunak" dituela enpresak lan egiten duen sektoreen partetik eskaerak jasotzeko; besteak beste, eolikoaren, olioaren eta gasaren, ibilgailu astunen eta makineriaren eraikuntza sektoreekin lan egin ohi du altzairu enpresak. Hain zuzen, bezero dituzten sektore horiek guztiek "moteltzera" egin dutela adierazi du enpresak, eta aurreikuspenen arabera, "zaila" ikusten dute egoera hobetzea. 

Enpresa hitzarmenaren negoziazioak bertan behera utzi eta egun gutxira eman du altzairu enpresak aldi baterako lan erregulazio espedientea luzatzeko erabakiaren berria. Hain justu, Azkoitiko lantegian gehiengo sindikala duten ELA eta LAB sindikatuek uko egin zioten enpresaren proposamena sinatzeari. Sidenorrek, berriz, bi sindikatu horien "immobilismoa" salatu zuen, eta horiek zuzendaritzari zein CCOO, USO eta UGTri egotzi zien die azken urteetan "eskubideak" galdu izana.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide