Entzun kultur elkartea, musika herriratzeko

Maialen Etxaniz - Urtzi Oteiza 2024ko abe. 13a, 11:15

Entzun kultur elkartea sortu dute Azkoitian kontzertuak antolatzeko. Biharko prestatu dute lehen jaialdia, Anestesia eta Txatar musika taldeekin. Aurrera begira zuzenekoak antolatzen jarraitzeko asmoa dute. 

Asteburu honetan zuzeneko musikaz gozatzeko aukera izango da Azkoitiko Elkargunean. Hain zuzen, Anestesia eta Txatar musika taldeen kontzertuak izango dira bihar, larunbatez, Herriko Plaza aretoan, Entzun kultur elkarteak antolatuta. Izatez, 2023an sortu zuten elkartea Azkoitiko hainbat musikazalek, baina orain arte sukalde lanetan aritu dira, elkartearen jarduna aurrera ateratzeko egin beharretan, mantso baina etenik gabe. Antolatu dituzten lehen kontzertuen atarian kontatu dituzte taldearen nondik norakoak Entzun elkarteko kide diren Jon Ander Larramendik, Javi Bidaurrek eta David Iraundegik.

"Gune dotore honi [Elkarguneko aretoa] erabilera handiagoa ematea, dinamizatzea eta bertan gauzak egiteko aukera izatea nahi dugu, ez dadin izan urtean ekitaldi gutxi batzuk hartzen dituen lekua; izan ere, espazio hau kontzertuak egiteko eta kultur ekitaldiak hartzeko prestatu zuten», azaldu du Larramendik. Era berean, nabarmendu du Entzun kultur elkartea «erabat irabazi asmorik gabea" dela. "Gustoz egiten dugu lan, eta honetatik ez dugu dirurik atera nahi, lokal honi erabilera kulturala ematea besterik ez dugu bilatzen", adierazi du Entzunekoak. 

Aretoari antzoki funtzioa ematea "konplexuagoa" dela uste dute, horrek «lan eskerga handiagoa» eskatzen baitu. "Talde handiagoaren lana eta ekarpena eskatzen ditu antzoki batek, eta gu hiru gara. Ez da gure asmoa hau antzoki bihurtzea eta lokala kapitalizatzea; nahi duguna da gunea erabiltzeko aukera izatea, bertan gauzak antolatu ahal izateko", azaldu du Larramendik. Horretarako erakundeekin elkarlanerako prest daudela azaldu dute, batez ere Azkoitiko Udalarekin, hori baita Elkargunearen ardura duen erakundea. 

Laguntza, ezinbesteko

Ekintzak antolatzeko eta musika taldeak gonbidatzeko, Azkoitiko Udalak emandako diru kopuru bat dute eskura. Hala ere, zenbateko hori "oso mugatua" dela adierazi dute hiru kideek. Horrenbestez, sarreretatik aterako dute jaialdiak antolatu ahal izateko diru kopuru handiena. "Iaz udalak diru partida bat jarri zuen herriko proiektuak laguntzeko. Herritarrek horien alde boza eman zuten, eta diruz lagundutako proiektuen artean dago gurea. Horri esker, 10.000 euro eman zizkiguten, eta diru horren zati bat baliatu dugu aste honetako kontzertuak antolatzeko. Apenas dugu dirurik, eta zenbateko horrekin, taldeez aparte, musika ekipoa, argiztapena eta komunak ordaindu behar ditugu, horiek jartzeko laguntzarik ez baitigute eman", esan du Larramendik. 

Anestesia eta Txatar izango dira Entzun elkartearen lehen hitzorduko protagonistak, eta emanaldirako sarrerak agortzear daude. Antolatutako jaialdiak «erantzun oso ona» izan duela azaldu dute kultur elkarteko kideek. «Anestesia talde ezaguna da, eta Txatar Azkoiti-Azpeitiko taldea. Beraz, jendearentzat hitzordu erakargarria da», azaldu du Iraundegik. Horrenbestez, «oso pozik» daude. 

Ekarpenetara "zabalik"

Ideia gehiago ere badituzte Entzuneko hiru kideek, eta aurreratu dutenez, 2025erako bizpahiru talde ezagun dituzte gonbidatuen zerrendan: "Harremanetan jarri gara haiekin, hainbat ate jo ditugu, baina oraindik ezin dugu ezer zehatzik esan". Oraingoz, "askotariko kontzertuak" antolatzea dute xede, ez bestelako kultur ekitaldirik, eta Elkargunean ez ezik, herriko beste gune batzuetan ere egin nahi dituzte emanaldiak. "Ekarpenak jasotzeko irekita" daude, eta edozein proposamen egin nahi duten herritarren ekarpenak entzuteko prest agertu dira, baita musika taldeenak ere. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide