Saio bereziak

San Andres egunak utzitakoak, bideoan

Maialen Etxaniz 2024ko aza. 30a, 19:00

San Andres egun ederra izan da gaurkoa, eta jendetza atera da kalera festaz gozatzera, baserritar jantziak soinean. Urtero bezala, ez dute hutsik egin taloen postuek, ezta azokak eta herri kirolek ere. Eguerdiko giroak utzi dituen irudi eta adierazpenak jaso du Gukak bideo honetan.

Aspaldiko San Andres egunik jendetsuena ospatu dute aurten Azkoitian, giro paregabearekin. Eguzkitsu esnatu da eguna, eta halaxe iraun du arratsaldera arte. Larunbata izanik eta eguraldiak lagunduta, jende ugari atera da kalera, baserritar jantziak soinean. Taloak egiten aritu dira batzuk, horiek dastatzen besteak, bakoitzak ahal duen eran jaiaz gozatzen; eta urtero bezala, ikusmin handia piztu dute animaliek eta herri kirolek.  

Plazaberrin, berriz, dozenaka postu jarri dituzte era guztietako produktuekin: erroskillak, pastelak, gazta, patea, garagardoa... Eta saltzaileak gustura jardun dira lanean, jendeak, gaurkoan, erosi ere egin duelako.  

Borobil joan da eguna, eta eguneko festa gauez luzatuko dute askok eta askok, San Andresak ahal beste zukutzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide