Sidenorreko langileei babesa adierazteko elkarretaratzea egingo dute ostiralean

Ane Olaizola 2024ko aza. 27a, 15:04

Sidenor lantegiaren egoera salatzeko elkarretaratzea, maiatzean. (Ane Olaizola)

ELAk eta LABek deitu dute mobilizazioa, 18:00etarako. Horien arabera, enpresak oraingoz ez du ezarri aldi baterako lan erregulazio espedientea Reinosan, eta UGT, CCOO eta USO "erabili" ditu Azkoitian lan erregulazio espedientean ezartzeko.

Sidenorreko ELA eta LAB sindikatuek deituta, elkarretaratzea egingo dute ostiralean, Azkoitiko plazan, 18:00etan, eta sindikatuek bi eskaera nagusi helaraziko dizkie enpresari: hark apiriletik Azkoitiko lantegian ezarrita duen aldi baterako lan erregulazio espedientea indargabetzea batetik, eta hitzarmena "duina" sinatzeko pausoak ematea, bestetik.

Bi sindikatuek behin baino gehiagotan salatu dute zuzendaritzak Azkoitiko gehiengo sindikala "boikotatu" zuela apirilean aldi baterako lan erregulazio espedientea ezartzeko akordioa itxi zutenean, hark neurria indarrean jartzeko Azkoitiko lantegia eta Reinosakoa (Kantabria) uztartu zituelako, eta UGT, CCOO eta USOrekin osatu zuelako gehiengo sindikala —sindikatu horiekin sinatu zuen aldi baterako lan erregulazio espedientea ezartzeko akordioa—.

Azkoitiko 312 langilek lan erregulazio espedientean jarraitzen dute orduz geroztik, eta mobilizazioaren deitzaileen arabera, bataz-beste %21eko espedientea ezarri zaie haiei. Aldiz, Azkoitiko langileei soldata "asko" gutxitu zaien bitartean, Reinosan oraingoz neurri hori ez dutela ezarri azaldu dute sindikatuek, eta hain zuzen, horien ustez enpresa zuzendaritzak UGT, CCOO eta USO "erabili" ditu Azkoitian lan erregulazio espedientean ezartzeko; "hori bidegabea da".

Negoziazio mahaia, "blokeatuta"

Datorren hilean iraungiko da Sidenorren enpresa hitzarmena, eta sindikatuek beste behin salatu dute hitzarmena berritzeko negoziaketa "baldintzatu" nahi duela enpresak lan erregulazio espedientearekin. Hain zuzen, enpresak "kaudimen ekonomiko handia" daukala adierazi dute: "Horren adibide da iaz enpresak izan zituen irabazi garbiak: 23 milioi euro". Kontrara, langileen "prekarietateak" izan duen bilakaera "ikaragarria" izan dela jakinarazi dute, honako adibide hauekin: "Langileek 20.000 euroko galera izan dugu 2014tik, KPIa %19,9 igo delako, eta gure soldatak soilik %9,5 igo direlako; Gipuzkoan sinatutako hitzarmenen batezbestekoa %6,24koa izan zen iaz, eta Sidenorren %2koa izan zen; 2014tik 140 langile gutxiago gaude lanean; eta urte horretatik aurrera, 80 lanordu gehiago ditugu urtean —1.696 ordu ditugu aurten—.

Hitzarmena negoziatzeko, bestalde, sindikatu guztien arteko plataforma bat osatzen saiatu dira, baina LABek eta ELAk azaldu dute hura aurrera eramatea ez dela posible izan: "ELAk eta LABek osatutako plataforma ekainaren 7an aurkeztu genion enpresari eta gainontzeko sindikatuei. Bost hilabete eta beste horrenbeste bileren ondoren, enpresak oraindik ez digu bere proposamenik aurkeztu". Bi sindikatuen arabera, enpresak mahaia "erabat blokeatuta" dauka, eta horrek langileengan "kezka handia" sortzen du.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide