Euriak ez ditu gelditu azkoitiarrak, eta aterkiak hartuta gogotsu atera dira goizean goizetik kalera. Andremarietako azken eguna da gaur, Kuadrillen Eguna.
Goizean, eguraldi txarragatik, bertan behera utzi dute XXI. Kale Atletismo erakustaldia, eta beraz, Xeye atletismo taldeak antolatutako XXII. Andremarietako Milia izan da eguneko lehen ekitaldia. 13:00etan hasi da, eta euria gogoz ari bazuen ere, asko izan dira atletismo saioa bertatik bertara ikustera joan diren herritarrak. Behin lasterketa amaituta, sari banaketari ekin diote, eta horrez gainera, opari mordoa zozkatu dituzte parte hartu duten korrikalarien artean. Gaurkoan, beraz, ez da etxera esku hutsik joan denik izan.
Ondoren, plazan biltzen hasi dira herritarrak, koloretako alkandorak soinean zituztela, herri bazkarirako prest. 14:30 aldera hasi dira paella banatzen, eta giro paregabea sortu da bazkarira animatu diren guztien artean. Udalak goizean jakinarazi duen moduan, Berdura Plazan eta arkupeetan egin dute herri bazkaria, eguraldi txarrak horrela behartuta.