Albistegia

Ohitura zaharrari eutsi diote azkoitiarrek Urrategiko egunean

Andoni Elduaien

Urrategiko Ama Birjinaren eguna ospatu zuten atzo haren izena daraman Azkoitiko auzoan. Ohi bezala, askotariko ekintzak izan ziren auzoan, besteak beste, meza, erromeria, bertso saioa, haurrentzako jolasak eta herri kirolak.

Ohitura zaharrari eutsi diote azkoitiarrek Urrategiko egunean. Atzo, igandea, ospatu zuten Urrategi auzoan Urrategiko Ama Birjinaren eguna, eta beti moduan, askotariko ekintzak prestatu zuten auzoaren festa egun handirako. Goizean, jende asko bildu zen meza nagusian; Felix Azurmendi erretoreak eta Fernando Prado Gipuzkoako gotzainak zuzendu zuten elizkizuna. Ondoren, berriz, trikitilariak eta bertsolariak atera ziren plazako oholtzara, jendeak hamaiketakoa egiten zuen bitartean.

Auzoko elkartean bazkaria egin zuten zenbait auzotarrek, eta arratsaldean haurrentzako puzgarriak, Iago magoaren ikuskizuna eta aurpegia margotzeko tailerrak izan ziren. Herri kirolak ere izan ziren, baita trikitilariekin erromeria ere. Honako bideo honetan ikus daiteke laburbilduta atzoko egunak Urrategi auzoan eman zuena.

Irudiak: Ibon Errazu

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide