Azkoitiak duela 700 urteko itxura hartu du

Andoni Elduaien - Ihintza Elustondo 2024ko eka. 22a, 15:22

Guztira, artisautza eta gastronomia giroko 40 postu jarri dituzte eliz atarian, Plazaberrin eta Balda plazan. Arratsaldean, 17:00etatik 21:00etara bitartean egongo dira postuak zabalik. Askotariko tailerrak eta ikuskizunak izan dira goizean, eta berdintsu izango dira arratsaldean. Azoken itxiera orduan, gainera, su-ikuskizuna ikusteko aukera izango da.

Azkoitia duela 700 urteko giroan murgildu da gaur, eta herriko Alde Zaharrak ezohiko itxura hartu du. Antzinako artisau azoka tarteko, herriak iraganerako jauzia egin du, eta azkoitiarrek antzinako bizimodua nolakoa zen irudikatzeko aukera izan dute. Azkoitiko Udalak sustatu du azoka, Azkoitia 700 egitasmoaren barruan, baina artisau produktuak sustatzea, alternatiba ludiko eta kulturala eskaintzea eta Alde Zaharra dinamizatzea helburu dituen Napar Bideak elkarteak prestatu du egun osoko azoka.

Eliz atarian eta Balda plazan jarri dituzte azokako postuak, eta eguerdia iritsi denerako jendetza batu da kaleetan, batzuk ikusmiran, besteak erosketetan. Guztira, artisautza eta gastronomia uztartzen dituzten 40 postu baino gehiago bisitatzeko aukera izan dute herritarrek goiz osoan zehar: hala nola elikagaiak, zeramikazko nahiz zilarrezko piezak, kremak zein ukenduak, hareazko koadroak eta larruzko produktuak.

Haurrentzako gunea Balda plazan jarri dute, eta han ipuin-kontaketa musikatua egon da goizean zehar, baita jolasak ere. Alde Zaharrean, nola ez, egur nahiz burdinola tailerrak eta musika animazioa ere izan dira. Teatrakalacalle taldeak, berriz, hainbat kale-ikuskizun eskaini ditu goizean, eta arratsaldean izango dute horien emanaldiek jarraipena; izan ere, 17:00etatik 21:00etara egongo dira irekita azokako postuak. Itxiera orduan, su-ikuskizun bat eskainita berreskuratuko du herriak atzera egungo itxura. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide