Lanak bide onean joanda, Txalonerreka eta Altamira lotuko dituen bidea urte bukaerarako amaitzea espero dute

Andoni Elduaien - Nerea Uranga 2024ko eka. 18a, 16:43

Txalonerreka eta Altamira lotuko ditu eraikitzen ari diren errepide berriak; oinezkoentzako espaloiak eta bidegorria ere eraikiko dituzte. Bidearen ezkerraldean sustapen pribatuko 86 etxe eta sustapen publikoko 115 eraikitzea aurreikusita dute, Txalonerreka 10.1 eremuko hirigintza proiektuaren barruan.

Iazko abenduaren bukaeran hasi zituzten Txalonerreka eta Altamira lotuko dituen errepidea eraikitzeko lanak. Behin bide hori eginda, Txalonerreka 10.1. eremuan –Txalonerreka auzotik begiratuta bidearen ezkerraldeko  eremuan– etxebizitzak eraikitzeko lanak hasiko dituzte. Bide berria eraikitzeko aurrekontua 3.875.514 eurokoa da, eta dena ondo bidean, urte honen bukaera alderako lanak bukatuta izatea aurreikusten dute.

Agintaldiko "obra garrantzitsuenetakoa" dela nabarmendu zuen Ana Azkoitia alkateak, gaur obretara egindako bisitan. "Bide berri hau eraikita, Azkoitian herri barruko beste lotura bat izango da, eta gainera, etxebizitzak eraikitzeko eremu bati bide emango dio, eta Txalonerreka herrigunera gerturatuko du", adierazi du.

Hain zuzen, errepideak Malkorbide kalea eta San Martin auzoa lotuko ditu, zehazki Abaraxka aterpetxeko sarbideko bidegurutzera iritsiko da. 280 metro luzerako eta sei metro zabaleko bidea eraikitzen ari dira, eta horrek bina metroko bi espaloi eta bidegorria ere izango ditu; bidegorri hori Urolako bidegorriarekin lotuko dute. Behin bidea eraikitakoan, Urolatik Tallentaraino eta Gurutzeagaraino espaloia izango da oinezkoentzako.

Hornidura azpiegiturak

Errepidea urtearen bukaera alderako amaituta izatea dute aurreikusita, baina hori ez dago Azkoitiko Udalaren esku bakarrik; izan ere, hainbat horniduraren azpiegiturak berbideratzea ekarri baitu errepidea eraikitzeko obrak. Hala azaldu du Asmatu ingeniaritzako obra zuzendaritzako Xabier Sarriegik: "Gasaren, argindarraren eta uraren azpiegiturak berbideratu behar izan dira, eta aurreragoko beste proiektu batzuekin loturak eginda utziko dira; esaterako, Altamirakoarekin. Azkoitiko herriaren ur hornidurako hodi nagusia ere eremu honetatik igarotzen da". Azpiegitura horiei guztiei lotutako izapideak beren bidea egiten ari direla ere adierazi du Sarriegik.

Bestalde, pasabidea eraikitzeko betelan asko egin beharko dutela nabarmendu zuen atzo obretan bertan Azkoitiko alkateak; izan ere, Txalonerreka Altamirarekin lotzeko altuera irabazi beharko du bideak, puntu batzuetan hamar metro. Betelan horretarako, Gurutzeagako hirigintza eraikuntzatik ateratako lurra erabiliko dute. "Eremu batean soberan dagoen lurra, bestean betelana egiteko erabiliko da, eta horretarako, bi obrak lotu dira. Era horretan, lurra berrerabiliko da eta herrigunetik ehunka kamioi pasatzea saihestuko da".

Behin bidearen lanak bukatutakoan, bigarren fase batean, Kukuerrirako eta Bizilorerako bidegurutzean biribilgune bat eraikiko du udalak, eta hirugarren fasean, Txalonerrekako 10.1 eremuko urbanizazio lanak hasiko dituzte.

Etxebizitzak

Aurreko agintaldian, Azkoitia Lantzen sozietate publikoak Txalonerrekako lurzoruko hiru partzela saldu zizkion Eusko Jaurlaritzari 1.080.910 euroan, eta udalak azaldu du horrek bide berria finantzatzea eta alokairuko etxebizitza sozialak sustatzea erraztu duela. Txalonerrekatik begiratuta bidearen ezkerraldeko eremuan etxebizitzak eraikiko dituzte; sustapen pribatuko 86 etxebizitza izango dira gehienez, eta sustapen publikoko 115 etxebizitza babestu. Horiek eraikitzeko lanak bidea bukatzearekin batera hasiko dituztela aurreratu dute.

Aurrerago, bide berriaren eskuinaldeko Txalonerreka 10.2 eremuan ere etxebizitzak eraikitzea aurreikusita du udalak; kasu horretan, sustapen pribatuko 66 etxebizitza libre aurreikusten dira, eta sustapen publikoko 321 etxebizitza babestu.

Dena den, etxebizitza kopurua alda daitekeela aurreratu du udalak, gehienera jotako kopuruak direlako aurreikusita dituztenak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide