Giro paregabea sortu da Azkoitiko Parte Hartze Herrikoian eta Herri Jaian

Maialen Etxaniz - Unax LarraƱaga 2024ko eka. 2a, 19:35

Ehunka haur eta gaztetxo atera da gaur lasterka, Xabier Munibe 40. Parte Hartze Herrikoian. Era berean, Herri Jaia egin dute plazan, eta asko izan dira haragi pintxoak eta sagardoa dastatzera bertaratu direnak. Goizak eta eguerdiak utzitako irudi zein adierazpenak dira honako hauek. 

Izena aldatuta, baina izana mantenduta egin dute Xabier Munibe 40. Parte Hartze Herrikoia Azkoitian. Giro ederrean, ehunka haur eta gaztetxok parte hartu duten lasterketa inklusiboan, eta ohi bezala, jendetza elkartu da Plaza Berrin, korrikalari gaztetxoak animatzeko pronto. Mailaz maila atera dira parte hartzaileak 10:30ean hasita. HH4. mailatik DBH2. mailara arteko ikasleek parte hartu dute proban. HH4 mailako haurren lasterketarekin ekin diote probari 10:30ean, eta DBH1 zein DBH2 mailetako ikasleen lasterketarekin amaituko dute, 11:55ean. Haurrak pozik agertu dira proba amaitu berritan.

Proba ondo joateko, ordea, lan asko egin dute antolakuntza lantaldekoek. Gaur bakarrik ez, azken asteetan ere ikusten ez diren lanetan ibili dira, eta horrela adierazi dute. Era berean, azaldu dute, aurten jende gehiagok eman duela izena, eta nesken parte hartzea handitu dela.

Eguna borobiltzeko, Herri Jaia ospatu dute herriko plazan, eta jende ugari hurbildu da txekorraren usaira. Ilara luzeak egin dituzte haragi pintxoen eta sagardoa dastatzeko txartelen zain zeudenek, baina merezi izan du. Bitarte horretan, haurrentzako puzgarriak eta jolasak izan dira. Azoka ere egin dute askotariko baserritarrek eta ekoizleek, eta haiek ere gustura agertu dira sortutako giroarekin.

Argazki bilduma, hemen

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide