Azkoitiko Duatloiko txapeldunak Toledo eta Oiarzabal izan dira

Urtzi Oteiza 2024ko mar. 17a, 10:00

Atzo arratsaldean duatloi super-sprinteko lau proba jokatu ziren Azkoitiko kaleetan, Azkoitri triatloi taldeak antolatuta.

Duatloiak hartu zituen atzo Azkoitiko kaleak. Goizean eguerdira artean, eskola kirol mailako duatloi probak jokatu zituzten LH3tik LH6ra arteko haurrek. Arratsaldean, berriz, duatloi super-sprinteko lau proba jokatu zituzten: kadeteena, egokitua, emakumeena eta gizonena.

Kirolariek 2.500 metro egin zituzten aurrena korrika; gero, 10 kilometro bizikletan; eta bukatzeko, 1.250 metro korrika. Proba horretan bertan, duatloi egokitua ere jokatu zuten Marea Urdinari esker, ibilbidea apur bat moldatuta.

Minutu gutxiren tartearekin atera ziren proba bakoitzeko parte hartzaileak plazatik. Irteten aurrenak Kadeteak izan ziren, eta aurten iaz baino parte hartzaile gehiago izan ziren, bederatzi. Egokituan dozena bat kirolarik irten zuten, eta umorez egin zuten ibilbidea. Helduetan, aurrena irteten emakumeak izan ziren, eta segidan, gizonak. Guztira, 60 bat kirolarik parte hartu zuten.

Sailkapen orokorrean, gizonetan Imanol Toledo izan zen irabazlea, proba 32:50 denboran bukatuta. Emakumeetan, berriz, Lola Oiarzabalek irabazi zuen, 39:48 denbora eginda. Federatuen artean ere aurreneko postua lortu zutenak Toledo eta Oiarzabal izan ziren. 
Herrikoien mailan, berriz, emakumeetan aurreneko postua Mari Carmen Seijasek eskuratu zuen eta gizonetan Oier Etxeberriak –honek sailkapen orokorrean bigarren egin zuen–. Kadeteetan, berriz, aurreneko sailkatuak Adur Alcalde eta Maier Miota izan ziren. Miotak sailkapen orokorrean bigarren egin zuen. Duatloi egokitua, berriz, Aitor Oleagak irabazi zuen.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide