Eguraldi makurrarekin esnatu da gaur Azkoitia festetako kuadrilla egunerako. Euria goian behean ari zela egin behar izan dute ohiko poteoa azkoitiarrek, egualdiak ez baitu apenas lagundu. Xeyek antolatutako Andremarietako erakustaldia eta milia ere, eurian goian behean ari zela egin dute. Dena den, festa giro ederra izan da nagusi lasterketan zein sari banaketan. Emakumezkoetan Aiora Altunak eskuratu du aurreneko postua. Gizonezkoetan, aldiz, Bingen Aranbarri. Txosnagunean kuadrilla arteko jolasak egin dituzte goizean zehar Gazte Asanbladak antolatuta, eta han ere ez da umorerik falta izan. Kutre izeneko kuadrillak irabazi ditu jolasak. Eguraldiak lagundu ez duen arren, koloretako kamisetak eta alkandorak jantzita atera dira kalera hainbat eta hainbat kuadrilla, urteroko ohiturari uko egin gabe. Eguraldi txarrari umore ona jarri diote gehienek. Goizeko poteoaren ostean urtero ohi duten gisan, herri bazkaria egingo dute, baina gaurkoan ezohiko leku batean; izan ere, euriak euri, azoka plazan nahiz plazako aterpeetan egin beharko dute bazkaria. Hala ere, jateko goxoa izango dute azkoitiarrek, urteroko paelleroek ez baitute hutsik egin.