Lehia herrikoi eta osasuntsua eta giro paregabea. Horiexek izan dira Martirietako Igoeraren 15. edizioaren osagai nagusiak. Gaur goizan jokatu dute Jokin Ormaetxea txirrindularitza elkarteak antolatu ohi duen proba, eta Eñaut Salegi eta Amaia Aizpuru izan dira txapeldun. Gizonezkoetan lehia estua izan da, eta lehen postua eskuratzeko nor baino nor aritu dira azken metroetan Eñaut Salegi eta Oier Etxeberria. Oso gutxigatik izan den arren, Salegik igaro du helmugako marra aurrena. Haren atzetik sartu da Etxeberria, eta segundu batzuetara Oier Ibarguren. Horrenbestez, Salegik jantzi du txapela, eta Etxeberriak eta Ibargurenek osatu dute podiuma. Lehen eta bigarren sailkatuak gustura agertu dira egindako lanarekin, eta Martirietara igoera proba berezi eta polita dela aipatu dute: Emakumezkoetan, Amaia Aizpuru izan da txapelduna, baina gaurko igoeran parte hartu duen emakume bakarra izan da. Hala ere, lortutako emaitzarekin pozik agertu da, eta adierazi du datorren urtean emakume gehiagok parte hartzea espero duela. Beste bi sari ere banatu dituzte probaren antolatzaileek: lehen kilometroaren saria, eta beraz, bi txuleta eta ardo botila, Gaizka Gonzalezek irabazi du; azkenari dagokion xanpain botila, berriz, Markel Arratibelentzat izan da. Guztira, 58 lagunek parte hartu dute Martirietako Igoeraren 15. edizioan, eta jende ugari bertaratu da probaren helmugara, txirrindulariak animatzera.