San Andres egunean izan ordez, Gabonen atarian egin dute azoka inguruko sortzaileek eta artisauek, eta gaur, igandea, askotariko postuz bete dute herriko plaza. Izan ere, azaroaren 30eko greba feminista San Andres egunez egokitu zenez, egun horretan herrian egin ohi duten artisau azokarik gabe geratu ziren. Hori hala, gaur aurrenekoz egin dute Gabonetako azoka herrian, eta ikusmina eragin du egitasmoak, eguerdian dozenaka lagun elkartu baitira bertan.
Orotara, Azkoitiko zein inguruko herrietako hamahiru postu jarri dituzte azokan: Kikek egurrezko jostailuen postua izan du, Djulak alanbre eta zilarrezko lanena, Endredamakinak osagarri birziklatuena, Manex Beristainek ipuin kontakizuna eta barreterapia zerbitzua eskaini ditu, Magnoliak likor eta marmeladak, Tilin Talanek bitxiak, Ametsen Txokoak eskuz eginiko osagarriak, Limoi Arroxak kosmetika produktuak, Amesgile argitaletxeak liburuak, Isak kakorratz lanak eta Aiora Urbietak kosmetikoak.