Mozorro jaia izan zen atzo Azkoitiko karnabaletan, eta kuadrilla eta familiak mozorrotuta irten ziren kalera. Joselu Anaiak taldearekin dantzaldia izan zen herriko plazan, baina herriko txoko desberdinetan jarri zuten musika beste hainbat kuadrillek.
Iluntzeko bederatzietan banatu zituen mozorro lehiaketako sariak Azkoitiko Udalak. Lehiaketaren epaimahaiak sarituak aukeratzeko "lan zaila" izan zuela nabarmendu zuen. "Herritarrek ondo landu dituzte mozorroak, eta sormena soberan erakutsi dute", adierazi zuten epaimahaikideek. Udalak mozorro festan parte hartu zuten denak zoriondu ditu.
Sari nagusiak A ze tangana eta Kylatore team taldeek jaso dituzte. Talde handien lehiaketan, hamar lagunetik gorakoetan, zazpi taldek parte hartu zuten, eta talde txikietan, berriz, hamar taldek. Tabernei zuzendutako lehiaketan hiru izan ziren parte hartu zutenak, eta Galipan tabernak jaso zuen saria.
Sarituak
- Talde handietan:
1. saria: A ze tangana
2. saria: Fariña
3. saria: Erraldoiek, ixixa
- Talde txikietan:
1. saria: Kylatore team
2. saria: Barbie
3. saria: Baroi gorrixe
- Ondoen apaindutako taberna: Galipan.