Gehienentzat astearte buruzuria izanagatik, aizarnazabaldarrak ez zeuden San Migel eguna behar bezala ospatu gabe uzteko, eta 12:00ak jo orduko hasi dira plazara bertaratzen, sagardo eta bolo txapelketak hastekoak ziren puntu-puntuan. Haizeak zakar jotzen zuen arren, hori ez dute oztopo izan herriko baserrietan egindako sagardoa dastatzeko. Zortzi baserri aurkeztu dira aurten berrogeigarren aldia izan duen lehiaketara, eta epaimahaiak ebatzi du Sarasola Berri baserrian egindakoa izan dela onena.
Horrez gain, eta urtero bezala, bolo txapelketa ere jokatu dute, eta aurtengoan ere handia izan da parte hartzea. 60 bat lagun aritu dira nor baino nor, eta Asier Larrañaga izan da txapela jantzi duena.
Txupinazoa bota zutenetik bosgarren eguna den honekin bukatuko dituzte aurtengo sanmigelak, baina oraindik ere egunari ordu batzuk gelditzen zaizkio, eta azkenera arte aprobetxatuko dituzte aizarnazabaldarrek. 18:00etan sardina jana egingo dute plazan, Laja eta Alabier trikitilariek girotuta, eta ondoren, 21:00etan, bandera kenduko dute udaletxeko balkoitik, bertso eskolako umeek bertsotan egiten duten bitartean. Horrela bukatuko dituzte aurtengo festak.