Aitor Oleaga: "Egindako esfortzuaren saria izan da emaitza"

Ane Olaizola

Aitor Oleaga triatleta. (Utzitakoa)

Gorputzeko mugimenduaren ordenaren alterazioa du Aitor Oleaga triatletak, baina elbarritasun neurologiko hori ez du oztopo helmuga handietara iristeko.

Hainbat urtez txirrindularitzan lehiatzen ibili ostean, duela hiru urte triatloira jauzia egin zuen Aitor Oleaga (Bilbo, 1970) Aizarnazabalgo bizilagunak, eta ordutik egindako lanaren emaitza izan da Bizi Hadi taldeko kideak berriki lortu duena: triatloi egokituko Espainiako txapeldunorde da, esprint distantzian. 

Abuztuaren amaieran, Meridan (Espainia) jokatu zenuen triatloi egokituko Espainiako Txapelketa, eta bigarren postua eskuratu zenuen 750 metro igerian, 20 kilometro bizikletan eta bost kilometro korrika eginda. Nola gogoratzen duzu egun hura?

Egun oso ederra igaro nuen, garrantzitsua izan zen niretzat. Izan ere, Euskal Herrian eta inguruan taldekideekin egoten naiz, baina bakar samar lehiatzen naiz nire kategorian. Lasterketa hartan, berriz, ni bezalako jende gehiago zegoen. Lasterketa txarra egin nuen, baina emaitza ona lortu nuen. 

Zergatik diozu lasterketa txarra egin zenuela?

Igerian oso gaizki ibili nintzen. Izan ere, hango beroarekin, ur beroan eta zikinean egin behar izan genuen igeri. Baina bizikletan oso gustura ibili nintzen, eta korrika, are gehiago. Azken zati horretan harrapatu nuen lasterketan bigarren zihoan triatleta, eta hari aurrea hartzea lortu nuen.  

Espainiako Txapelketan lehiatzen zinen aurreneko aldia izan al zen?

Triatloian bai, eta oso esperientzia ona izan zen. Lagun batekin joan nintzen hara, halakoetan laguntzaile bat behar izaten dudalako. Nire taldea ere oso ondo portatu zen nirekin, gastuak ordaintzeko-eta laguntza handia eskaini zidalako. Izan ere, halako txapelketetara joateak kostu handia izaten du, eta taldeari esker joan nintzen ni Espainiako Txapelketara.  

Aurrera begira, zertan eragingo dizu txapelketa horren emaitzak?

Pertsonalki, egindako esfortzuaren saria izan da. Etxean lan handia ematen dut, ordu pila bat igarotzen ditut entrenatzen, eta lasterketaren ondotik ere errekuperazio luzea behar izaten dut. Izan ere, lasterketen ondoren zisko eginda egoten naiz, eta askotan, biharamanun osoa igarotzen dut ohean. 

Aurretik txirrindularitzan ibili ondoren, duela hiru urte hasi zinen triatloian. Nolatan eman zenuen jauzi hori? 

Txirrindularitzan aspertu egin nintzen, eta Joseba [Azkarate] eta Aitor [Rementeria] Bizi Hadi elkarteko kideak ezagutu nituen. Haiekin, beste mundu bat ireki zitzaidan. Izan ere, azken urteetan psikologikoki asko sufritu nuen txirrindularitzan, eta krisialdi batzuk ere izan nituen. Triatloian, berriz, elkartasuna eta laguntza topatu nituen, lehen ikusten ez nituenak. Giro oso ona dugu taldean. 

Triatloiak zertan laguntzen dio zure elbarritasunari?

Batez ere, lasaitu egiten nau, eta beste hainbat alderditan ere eragiten dit. Esaterako, lehen oso oker ibiltzen nintzen, eta orain, askoz ere zuzenago. Oinez okerrago ibiltzen naiz korrika baino; nire buruari oraindik ez zaio ahaztu nola egin behar den korrika. Askotan, ordea, lasterketaren helmugara iristen naizenean orientazioa eta oreka galtzen ditut; gero, minutu batzuk behar izaten ditut nire onera itzultzeko. 

Zein dira zure indarguneak triatloian?

Bizikletan eta korrika ibiltzen naiz ondoen, eta aurrez txirrindularitzan aritu izanak ere laguntzen du horretan. Hala ere, hasieran ez nintzen gauza korrika kilometro bat ere egiteko, eta orain, berriz, lortu dut Donostiako 15 Kilometroak egitea. Pixkanaka, asko hobetu naiz korrika. Horrez gain, urtean behin distantzia olinpikoko triatloi bat jokatzen dut –1.500 metro igeri, 40 kilometro bizikletan eta 10 kilometro korrika–, eta hil honen bukaeran Getxon [Bizkaia] egingo dut beste bat. 

Aldiz, igeri egitea kostatzen al zaizu gehien?

Bai. Izan ere, beso bat ezin dut ongi mugitu, eta, beraz, gerritik egin behar izaten dut alderdi bateko indar guztia. Era berean, ondo dudan besoarekin egiten dut indar handiena, eta hori nabaritu egiten da. Duela 35 bat urte istripua izan nuen, eta ordutik dut besoa gaizki. Gaixotasuna ere istripu hartatik datorkit, duela hamar urte azaleratu bazitzaidan ere. 

Bihar jokatuko da Zumaiako Triatloia. Parte hartuko al duzu?

Bai, eta nire denbora hobetzea izango dut helburu. Lasterketaren txirrindularitzako zatia nahiko gogorra da, eta esaterako, Meaga mendatea igaro behar izaten dugu. Kontuan hartu behar da, arautegiak diola gure kategoriako lasterketek, gehienez, %3ko malda izan behar dutela, baina Meagakoak hori gainditzen du. Dena den, normalean, arau hori ez da inon betetzen. Bestalde, korrika ondo moldatuko naizela iruditzen zait. 

Nolako entrenamenduak egiten dituzu?

Normalean, astean sei egunetan behintzat entrenatzen dut, batzuetan egunean bitan. Halakoetan, goizean igeri-edo egiten dut; eta arratsaldean bada, bizikletan ibiltzen naiz.

Bizi Hadi kirol talde inklusiboko kidea zara. Zein da taldearen filosofia?

Taldearen filosofia ez da lehia, baizik eta kirola eta osasuna sustatzea. Gure gaixotasunari aurre egin diezaiogun ahalegintzen da taldea. Nik neuk, esaterako, kirol honetan arituko ez banintz, eguna sofan igaroko nukeen; on egiten dit kirol eta talde honetan aritzeak. Oso gustura nago taldekideekin, eta ezin ditugu ahaztu boluntarioak, haiek gabe ezingo baikenuke aurrera egin. Horrez gain, bazkideen babesa ere badugu; haiek urtero kuota bat ordaintzen dute guk kirola egin ahal izateko. 

Oso eskertuta nago taldearekin, haren laguntzarik gabe ezingo nukeelako halakorik egin. Batez ere, Aitor eta Joseba nabarmendu nahiko nituzke. Joseba kirola egiten ikustea pribilegio bat da niretzat; mundu osoan ez dago halako tetraplegia maila duen triatletarik [giharren %13 soilik mugi ditzake].

Datorren denboraldirako zer aurreikuspen dituzu?

Duatloi denboraldiarekin hasiko dugu datorren urtea, eta Espainiako Txapelketan txapelaren bila joan nahi dut, nire kategorian horretarako aukerak baditudala uste baitut. Triatloian, berriz, maila hobetu nahi dut; igeriketan sakondu beharra dut. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide