Zumaiako Triatloi Taldeak (ZTT) dena prest du bihar arratsaldean herrian jokatuko duten triatloiaren edizio berrirako. Aurtengoan, 420 lagunek parte hartuko dute esprint modalitateko proba nagusian, baina izen emateek aise gainditu dute antolakuntzak ezarritako muga: ia ehun pertsona gelditu dira itxaron zerrendan, inoizko gehien, igeriketa, txirrindularitza eta korrika uztartzen dituen kirola hazten ari denaren seinale. Esprint distantzian parte hartuko dutenez gain, 26 kadete eta desgaitasunen bat duten lau triatleta ere lehiatuko dira bihar. Beraz, 450 parte hartzaile izango ditu triatloiaren 2026ko edizioak.
Izen ematearen arrakasta pozgarria izan daitekeen arren, penaz da antolakuntza jende asko proban parte hartu ezinda gelditu delako. "Aurtengoa sinestezina izan da. 92 pertsona gelditu dira itxaron zerrendan, eta mingarria egiten zaigu, zeren guztiek parte hartzeko aukera izan dezaten nahi dugu. Baina boxen dimentsioak, materialen eskaerak... ez daude prestatuta horrenbeste lagunentzako, eta batik bat, segurtasuna zaindu behar dugu. Guztiok dakigu arranplako irteera zein bizia izaten den, hor ezin dira 500 pertsona egon. Datorren urterako pentsatuko dugu ea aukera dagoen boxen eremua handitzeko eta irteera beste modu batera planteatzeko", adierazi du Deñe Izaga ZTTko presidenteak.
Biharko proban, gainera, Euskadiko Triatloi Txapelketa jokatuko dute, eta Izagak aipatu du agian hori izan daitekeela izen emateen arrakastaren arrazoia. "Hala ere, esango nuke gehiago dela kirola indartzen ari delako", esan du ZTTko presidenteak.
Izaga pozik da, bestalde, gero eta emakume gehiagok parte hartzen duelako Zumaiako Triatloian; 129 izango dira aurten proba nagusian: "Ez dakit beste triatloietan ere horrela den, baina gurean, ibilbidea egokia delako agian, urtetik urtera gero eta emakume gehiago animatzen da".
Dortsala lortu duten 291 gizonen artean, 164 federatuta daude; gainerakoak (127), ez. Emakumeen artean, halaber, 76 daude federatuta, eta federatu gabeko 53 kirolarik parte hartuko dute biharko proban. "Federatu gabekoen kopurua handia da, eta horrek erakusten du gero eta emakume gehiago ari dela kirol hau probatzen. Egia da gu federatzearen alde azaldu garela beti, klubak horrela indartzen direlako, baina federatu gabeko asko egoteak esperantza ematen digu; ea horiek ere federatzera animatzen diren".
Itzuli bakarra
Biharko proba nagusian, kirolariek 750 metro egingo dituzte igerian, hogei kilometro bizikletaz, eta azken bost kilometroak korrika. Ohi bezala, Arbustaingo arranplatik abiatu eta Gernika parkeko eskaileretaraino egingo dute igeri, eta handik Aizarnazabalera nahiz Meagara joango dira bizikletaz
Probaren azken zatian izango da triatloiaren aurtengo edizioko berrikuntza: Paol bidean bi itzuli egin izan dituzte orain arte kirolariek, baina bakarra egingo dute bihar. Bestalde, lehenengo aldiz, esprint modalitateko proban emakumeak abiatuko dira lehenbizi Arbustaingo arranplatik, 17:00etan, eta atzetik hasiko dira gizonak. "Borroka asko egin eta gero lortu dugu hori. Ikusgarritasunari begira ona izango da", agertu du Izagak.
Aurten, desgaitasuna duten hiru kirolarik eta gida laguntzaile batek parte hartuko dute esprint modalitatean, eta kasu horretan ere, Euskadiko Triatloi Egokituko Txapelketa jokatuko dute. Super esprint proban, berriz, desgaitasuna duen triatleta bat izango da.
Super esprint modalitatean lehiatuko dira 26 kadete. Horiek 350 metro egingo dituzte igerian, 10 kilometro bizikletan eta 2,5 kilometro korrika. "Kadete asko animatu da aurten, hori ere pozgarria da", aipatu du Izagak.
Proba guztiak amaitu ostean, 19:00etan egingo dute sari banaketa boxetan, baina omenaldi txiki bat egingo dute horren aurretik. Duela astebete zendu zen Juanjo Alzelai, Euskadiko Triatloi Federazioan epaile izandakoa. ZTTko lehendakariak nabarmendu duenez, Alzelaik "bultzada handia" eman zion Zumaiako Triatloiari, eta lotura berezia zuen herriko taldearekin.
Boluntarioen lana
Zumaiako Triatloia egin ahal izateko boluntarioen lana ezinbestekoa dela aldarrikatu du Izagak.
ZTTko kirolarien konpromisoa goraipatu du, herriko proban gustura parte hartuko luketen arren lanean aritzen direlako triatloiaren egunean. Zarauzko nahiz Getariako triatloi taldeek egiten duten lana ere eskertu du, eta eskerrak eman dizkie, halaber, dena ondo atera dadin lan egiten duten senideei, lagunei, herritarrei eta eragileei. "Boluntarioengatik ez balitz, ezingo genuke proba hau antolatu", azpimarratu du.
Trafikoan eragina
Zumaian eta inguruan nabarmena izango da bihar probaren eragina. Horrela, Zumaia eta Aizarnazabal arteko bidea itxita egongo da 16:50etik 18:40ra.