San Kristobal egunarekin hasi zituzten festak Aizarnazabalgo Saiatzen herenegun, eta harrezkero ondo baino hobeto zukutzen ari dira aurtengorako prestatu duten egitaraua. Musika, dantza, jan-edana edota ume jolasak, denetarik izan dute Saiazko plazan asteburu honetan.
Igande arratsaldean, ohi dutenez, herri kirol ikuskizunaren bueltan elkartu dira herritarrak. Plazaren bereizgarri diren harmailak, baina, erdi hutsik utzi dituzte; eguzkiak eta bero handiak itzaletan elkartzera bultzatu ditu ikusleak, plazaren bestaldean.
Harri jasotzaileek ez dute horrenbeste zorte izan, eta eguzkitan aritu behar izan dute Jon Unanue Goenatxo III.ak, Maddi Gesalagak, Mikel Lopetegi Urra-k eta hasieran iragarritako Lierni Osaren tokia hartu duen Olaia Esnaolak.
Igandea izanik ere, iluntzera arte luzatuko dute festa Saiatzen: aurreko egunetan bezala, afari pasada bertan egiteko aukera eskainiko dute txabolan, ogitartekoekin; eta dantzarako gogoz zirenak ere zorteko izango dira, Imanol Intxausti eta Iñaki Larrañaga trikitilariek girotutako erromeria ere izango baitute, aurtengo jaiak agurtzeko.
(Argazkiak: Mailo Oiarzabal eta utzitakoak)