Aizarnazabalgo plazak hartuko duen behin betiko itxura aurkeztu du udalak

Ane Olaizola 2025eko azaroaren 3a

Aizarnazabalko plaza berrituaren maketa bat. (Udala)

Behin-behineko proiektuaren "antzekoa" da udalak azkenean gauzatuko duena; plazako hormaren aurka banku luze bat jartzea txertatu dute azken proiektuan, eta estalpea motzagoa izango da. 

Aizarnazabalgo plaza eraberritzeko behin-betiko proiektuak argi berdea du dagoeneko, eta datozen urteetan plazak zer itxura hartuko duen aurkezteko, Aizarnazabalgo Udalak herritarrekin bilera irekia egin du berriki. Udalak iaz abiatutako prozesuan herritarren ekarpenak jaso ondoren, Enea enpresak otsailean jakinarazi zituen lehen erabakiak, eta Mari Karmen Arregi alkateak adierazi duenez, orain aurkeztu duten behin betiko proiektua aurreko haren "oso antzekoa" da. Berrikuntza moduan, besteak beste, plazako hormaren aurka banku luze bat jartzea txertatu dute behin betiko proiektuan, jakitun baitira herritar askok plazan egiten dutela "bizimodua".

Horrez gain, udaletxearen aurreko bi pinu handien eta bolatokiaren eremuan egitekoak diren estalpea behin-behineko proiektuan jasota zegoena baino motzagoa izango dela jakinarazi du alkateak. Hasieratik hala erabakita bezala, aterpe horrek dema plazaren zati bat hartuko du; hasiera batean, estalpe hori pilotalekuaren frontisaren ia pareraino eraikitzea zen asmoa, baina haren ondoko etxebizitzei tarte txikia uzten ziela eta, azkenean motzagoa izango da aterpea.

Bestalde, otsailean adierazi zuten moduan, plaza berrituan herritarrei eman nahi diete protagonismoa; eta oinezkoei, lehentasuna. Ibilgailuak abiadura txikian joatera behartzen duen lurzorua jarriko dute horretarako, eta zuhaitzek errepide zatia mugatuko dute. Ildo horretan, guztira, hiru lurzoru mota egongo dira plazan: galtzada, harria eta drainatze naturala duena. Azken horrek uholdeak saihesteko funtzioa ere izango du. Plazan zehar, gainera, hainbat zuhaitz landatuko dituzte, "berdegune itxura" ere eman nahian.

Behin-behineko proiektuan hala aurreikusi bezala, plaza eraberritzen dutenean hamarretik hiru aparkalekuetara murriztuko dute espazioa. Horren ordez, herriko beste hainbat aparkaleku "ordenatu" egingo ditu udalak, herritarrek aparkatzeko lekua izan dezaten, besteak beste, plazaren atzean dagoen parkearen inguruan.

Agintaldia amaitzerako prest

Agintaldia amaitzerako proiektua eginda egotea da udalaren asmoa, eta horretarako, 2026aren hasieran obrak esleituko ditu. Zortzi hilabete inguruko lanak izango direla azaldu du Arregik, eta horien datak enpresa esleitudunarekin adostuko ditu. Izan ere, erakundearen nahia da sanmigelak pasatu ondoren hastea obrak; hau da, datorren urteko urrian, jakitun baita festetan herritarren bilgune izaten dela plaza.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide