Iaz, Aizarnazabalgo Udalak herriko plaza eraberritzeko prozesuan inplikatu zituen herritarrak bilera ireki baten bitartez, eta orduan jasotakoak aintzat hartuta, hirigintza proiektua idatzi dute Enean enpresako arkitektuek. Proiektua itxi aurretik, baina, herritarren aurrean aurkeztuko dute datorren asteartean, hilak 28, Lauburu eraikineko proiekzio aretoan. 18:00etan hasiko dute batzarra, eta Aizarnazabalgo biztanleen iritziak jaso nahi dituzte.
2024ko abenduan, Plaza urbanizatzea eta probatokia eta bolatokia estaltzea proiektuari buruzko bilera parte hartzailea egin zuten Aizarnazabalen, eta aurtengo martxoan, berriz, Enean estudioak lehen erabakiak aurkeztu zituen herritarren aurrean. Orduan esplikatu zutenez, diseinatu duten proiektuak oinezkoari eman nahi dio lehentasuna. Horretarako, plaza ez dute guztiz oinezkoentzat jarriko, herrirako sarbide nagusia haren ondotik igarotzen denez, "ezinezkoa" delako ibilgailuen joan-etorria han debekatzea. Ordea, ibilgailuak abiadura txikian joatera behartzen duen lurzorua jarriko dute. Horrez gain, bertako hainbat zuhaitz landatuko dituzte, eta modu horretara ere mugatuko dute errepide zatia, "ingurumenari garrantzia" emateaz gain.
Estalpe bat ere egingo dute plazaren zati batean; bolatokiaren eremuan eta dema plazaren zatian, hain zuzen.
Bigarren saiakera
Plaza nola eraberritu erabakitzeko udalak egin duen bigarren saiakera da oraingoa, baina sei urtetik gorako ibilbidea du asmo horrek. 2018an eta 2022an gaiaz bi parte hartze bilera egin zituen udalak herritarrekin eta eragileekin, eta batzar horietan "informazioa jaso eta irizpide garbi batzuk" jarri zituzten.
Behin bileretan informazioa jasota, udal arkitektoak herriko plazarako bi aukera osatu zituen, eta udalak bien artean bat aukeratzeko bozketa egin zuen herritarrekin. Bozketak, ordea, parte hartze txikia izan zuen, eta saiakera berria egitea erabaki zuen udalak.