Aizarnazabalgo sanmigelak 2025

Sagardoa, boloak, lehia eta festa, sanmigelen azken txanparako

Mailo Oiarzabal 2025ko ira. 29a, 15:51

San Migel eguna ospatuz amaituko dituzte aurtengo jaiak gaur Aizarnazabalen. Eguerdian sagardo lehiaketa eta bolo txapelketa egin dituzte plazan: Errota Txikik irabazi du herriko sagardogileen arteko lehia, eta Lander Arregik jantzi du txapela boloetan.

Astelehena oso astelehen izan da askorentzat Aizarnazabalen, baina baita ohi baino alaiagoa ere beste askorentzat. San Migel eguna da gaur, herriko festa nagusien zaindariaren eguna eta aurtengo festen azkena, eta asteburuko ajeari azken festa arrastoekin erantzun diete gaur aizarnazabaldarrek.

Eguerdian jan-edana eta kirola eskutik ibili dira herriko plazan. Batetik, 39. aldiz, herriko Sagardo Lehiaketa egin dute, zazpi sagardogile hauen parte hartzearekin: Intxaurregi, Sarasola Berri, Errota Txiki, Iturri Bide (Gabarain), Etxabe Errota, Zubiaurre eta Etxabe Palazio. Batzuen eta besteen sagardoa dastatuz, txorizo egosi pintxoak jateko aukera izan dute plazara joandakoek, epaimahaikideek sagardo guztiak probatu eta bakoitzari zegozkion puntuak banatzen zituzten bitartean. Azkenean, Errota Txikik irabazi du lehiaketa, Intxaurregi sailkatu da bigarren, eta Zubiaurre hirugarren.

Sagardo dastaketa eta lehiaketa egiten ari ziren tokitik metro gutxitara, plazako bolatokian, egin dute Bolo Txapelketa herrikoia ere; hor, Lander Arregirentzat izan da garaipena.

Magia eta mariatxiak

Azken egunaren azken orduak gelditzen zaizkie 2025eko sanmigelei. Hain zuzen ere, bi ekitaldi izango dituzte aukeran herriko jaiak azkeneraino zuzkutu nahi dituztenek: magia eta mariatxiak. Hauek dira San Migel egunaren arratsaldeko hitzorduak:

 

  • 17:30. Harritzearen abilezia ikuskizuna, Hodei Magoarekin.
  • 19:00. Estampas de Mexico mariatxia.
  • 20:30. Adiskidekoen otarrearen zozketa.

 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide