Aizarnazabalgo datorren Euskal Jai Egunean helduen danborradak hartuko ditu herriko kaleak, eta parte hartzaileak hasi dira desfilea prestatzen. Izan ere, atzo gauean aurreneko entsegua egin zuten eskola azpian, hilaren 20an guztia behar bezala atera dadin. Bihar, osteguna, ere egingo dute entsegua, eta datorren asteartean zein ostegunean borobilduko dituzte saioak. Entsegu guztiak toki eta ordu berean izango dira: eskola azpian, 21:30ean.
Hamarkada bateko etenaldiaren ondoren, sanmigelen bueltan egiten zuten helduen danborrada berreskuratu zuten iaz Aizarnazabalen, eta aurten ere prestatu dute egitasmoa. Iaz bezala, Euskal Jai Egunaren barruan —irailak 20— egingo dute danborrada aurten ere. Egun horretan, 22:00etan Zubialden elkartuko dira guztiak, 22:30ean hasiko dute danbor festa.
(Argazkiak: utzitakoak)