X. Sagardo Txapelketa egin zuten atzo Aizarnazabalen, eta epaimahaiak horrela erabakita, Petritegi izan zen irabazlea. Astigarragako etxeak 93 puntu jaso zituen, bigarren postua Alorrenearentzat izan zen 91 punturekin, eta hirugarrena Altzuetarentzat, 90 punturekin.
Aurtengo edizioan, hamahiru sagardotegik parte hartu dute txapelketan: Aburuza, Akarregi, Alorrenea, Altzueta, Añota, Bereziartua, Egi Luze, Ekain, Eula, Gaztañaga, Izeta, Petritegi eta Urdaira. Sagardotegi berdinek parte hartu zuten iazko txapelketan, eta Altzuetak irabazi zuen ordukoan
18:00etan hasi zen sagardoaren bueltako ekitaldia Aizarnazabalen, eta 20:00 aldera amaitu zen. Emaimahaiko kideek banan-banan dastatu zituzten lehiaketara aurkeztu zituzten sagardoak, eta bakoitzari eman zioten puntuazioa erakutsi zuten jendaurrean. Bitartean, herritarrak ere postuz postu aritu ziren hamahiru sagardotegien zukuak probatzen.