Epaimahaiak horrela erabakita, Altzueta da IX. Sagardo Txapelketako irabazlea. Atzo, larunbata, 18:00etan hasi zen sagardoaren bueltako ekitaldia Aizarnazabalen, eta 20:00 aldera amaitu zen. Altzuetak jaso zuen lehen saria, 92 puntu eskuratuta; bigarren postua Alorrenearentzat izan zen 89,5 punturekin, eta hirugarrena Petritegirentzat, 87,5 punturekin.
Guztira, hamairu sagardotegik parte hartu zuten sariketan: Aburuzak, Akarregik, Alorreneak, Altzuetak, Añotak, Bereziartuak, Egi Luzek, Ekainek, Eulak, Gaztañagak, Izetak, Petritegik eta Urdairak jokatu zuten lehia, hain justu.
Jende ugari bildu zuen atzoko ekitaldiak, eta epaimahaikideek ez ezik, sagardozaleek ere nahi adina sagardo eta pintxo dastatzeko aukera izan zuten bi orduz.