San Miel Txiki eguna, Aizarnazabalgo txikien gozagarri

Ane Olaizola 2025ko mai. 8a, 18:51

San Miel Txiki eguna ari dira ospatzen gaur Aizarnazabalen, eta besteak beste, krosa eta txokolatada izan dituzte arratsaldean ume eta gaztetxoek. Dantzaldiarekin borobilduko dute eguna.

San Miel Txiki eguna dute gaur, osteguna, Aizarnazabalen, eta ohiko moduan, herriko txikienek primerako arratsaldea igarotzeko parada izan dute herrian. Izan ere, beste urte batez, umeek zein nerabeek krosa egin dute, eta dozenaka lagunen animopean zeharkatu dituzte kaleak.

17:00etan hasi dira lasterketak, eta adinka banatuta gauzatu dituzte probak. Ondoren, gainera, indarrak berreskuratzeko txokolate beroa jaso dute parte hartzaileek, eta eguraldia lagun zutela, primerako giroa nagusitu da. Eguna borobiltzeko, gainera, musikaren tartea ere izango da, JM Mendizabalek eskainiko duen dantzaldiarekin.

Gaurkoa asteburu betearen atariko eguna izan da Aizarnazabalen, San Miel Txiki Egunaren ondotik, askotariko ekintzak izango baitira datozen egunetan herrian. Gainera, larunbatean, Gazte Eguna ospatuko dute herrian.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide