Besoak zabalik hartu dituzte Errege Magoak Aizarnazabalen

Intza Trula 2025ko urt. 5a, 20:30

19:00 aldera iritsi dira Meltxor, Gaspar eta Baltasar Aizarnazabalera, eta herria zeharkatu ostean, udaletxearen aurrean alkatearen agurra jaso dute. Arratsaldea borobiltzeko, pilotalekuan opariak banatu dizkiete etxeko txikienei.

Hego haize epelarekin heldu dira Errege Magoak Aizarnazabalera, eta aurreikusita zegoen moduan egin ahal izan dute kabalkada. Urteko arratsalderik magikoena izan ohi da urtarrilaren 5ekoa, eta aurtengoa ere bide beretik joan da. Meltxorrek, Gasparrek eta Baltasarrek ez dute hutsik egin hitzordura, eta herritar guztiak agurtu dituzte desfilean, baita etxeko txikienei opariak banatu ere.

19:00 aldera heldu dira hiru protagonistak herrira, Baltasar Etxabe kaletik, gozokiz betetako karrozaren gainean. Lagun mordoa zegoen ordurako errepidearen ertzean zain, eta karroza gerturatzen hasi orduko oihukatu dituzte Errege Magoen izenak.

Gozokiak banatzen herria zeharkatu ondoren, udaletxearen aurrean geldialdia egin dute, haurren gutunak dituen postontzia jaso eta alkatearen hitzak entzuteko.

Ohiturari jarraituz, ibilbidea Atari Soro pilotalekuan amaitu dute guztiek. Izan ere, bertan opariak jaso dituzte haurrek Meltxorren, Gasparren eta Baltasarren eskutik. Gainera, beraiekin argazkiak atera eta azken aldiz gozokiak biltzeko aukera ere izan dute.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide