Aizarnazabal, Joseba Ostolazaren eta Izeta III.aren azken plaza

Maialen Etxaniz 2024ko ira. 30a, 11:36

Atzo agurtu zituzten plazak Joseba Ostolazak eta Jexus Mari Iruretagoiena Izeta III.ak, Aizarnazabalgo San Miel Egunean. Atzoko irudiekin osatutako bideoa da honako hau. 

Ekitaldi jendetsu eta hunkigarriarekin, plazak utzi dituzte harri jasotzearen munduko bi maisuk. Aizarnazabalen esan dute agur Joseba Ostolaza eta Jexus Mari Iruretagoiena Izeta III.ak, belaunaldi gazteetako hamarnaka lagunez inguratuta, eta harri jasotze munduan bidea ondo urratua dutenen babesean. San Miel eguna aukeratu dute azken balentria egin eta agur esateko.  

Hain zuzen, 100 kiloko zilindro kopa aukeratu dute agurrerako, eta guztira 101 jasoaldi eman zizkieten bien artean. Ez da edonolako zenbakia. Harri jasotzaile bakoitzak duen adina izan da bakoitzak egin duen zenbatekoa: Izetak 51 altxaldi eta Ostolazak 50. Adinak haien ahala baldintzatu ez duela erakutsi dute gaur, jendez betetako plazan.  

Aurrez, askotariko erakustaldiak eskaini dituzte Izeta eta Ostolaza eskoletako gazteek, baita esperientziadun jasotzaileek ere. Horien artean, Aimar Irigoien. Bestelako bitxikeriak ere utzi zituen ekitaldiak. Xiete harria plazaratu zuten, 172 kiloko kubikoa. Gutxik altzatu duten pieza da, eta hiru altzaldi egin zizkion Jokin Eizmendik. Unax Iruretagoienak, bere aldetik, lehen aldiz 100 kiloko jarria jaso zuen. 

Bi harri jasotzaile. Bi eskola. Baina biek dute harri jasotzearen harrobia altzoan. Horren erakusgarri izan zen agurreko ekitaldia. Erakustaldiak amaitzean, askotariko oroigarriak eman zizkieten bi maisuei Goenatxo II.ak eta Iñaki Perurenak. Bertsoak ere abestu zizkieten, ikasleek, lagunek nahiz Aizarnazabalgo Udaleko ordezkariek. Txalo artean agurtu dituzte plazak.  

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide