Ostiralean suziria bota zutenetik, samieletan murgilduta dira aizarnazabaldarrak, eta horren erakusgarri da atzo izan zuten egitaraua, goizetik gauera bitartean askotariko hamaika ekintzaz gozatzeko aukera izan baitzuten. XIV. Joxe Larrarte memorialarekin eman zioten hasiera egunari, eta binakako partidak jokatu zituzten Ruiz de Infante eta Agirrek, Barrokalen eta Mujikaren aurka, eta Olaizola eta Agirrek, Sasiainen eta Alonsoren aurka.
Arratsaldean, berriz, gazta tarta lehiaketa zein mus eta eskoba txapelketak jokatu zituzten herritarrek, eta ondoren, 'Legea gu gara' kale antzerkiaz gozatu ahal izan zuten eskolaren atarian elkartu ziren dozenaka lagunek. Matraka elektrotxarangak eman zion jarraipena festari, eta gauean, Sarean eta Gozategi taldeek dantzan jarri zituzten herritarrak. Hori gutxi ez, eta Davila disko jartzaileak borobildu zuen eguna.
Gaur amaituko dira festak Aizarnazabalen, eta San Miel egunean, ohiko ospakizunak izango dituzte herritarrek. Arratsaldean, gainera, herri kirol erakustaldia egingo dute Jesus Iruretagoiena Izeta III.ak eta eta Joseba Ostolazak, eta harri jasotzaileek 100 kilokoaren 101 jasoaldi eginda, erretiroa hartuko dute.
Hemen gaurko egitaraua:
- Gaur, igandea. San Miel Eguna.
- 12:00. Meza nagusia.
- 12:00. 38. Sagardo Lehiaketa eta Bolo Txapelketa, Alaitsu dantza eskolak musikatuta.
- 18:00. Herri kirolak. Jesus Iruretagoiena Izeta III.ari eta eta Joseba Ostolazari agurra. Bi omenduek 100 kiloko kopari 100 jasoaldi egingo dizkiote, bien artean. Izeta eta Ostolaza eskoletako gaztetxoek erakustaldia egingo dute, eta Xiete harria plazaratuko dute, nahi duenak proba dezan.
- Ondoren, afariarekin borobilduko dute omenaldia.
- 19:30. Los Cazahuetes mariatxiekin dantzaldia.
(Argazkiak: Intza Trula eta utzitakoak)