Txupinazoa botata, samieletan dira Aizarnazabalen

Aitziber Arzallus 2024ko ira. 27a, 20:34

Udaletxeko balkoitik Uztarrikora eta alderantziz, kopla kantari jardun dira bertso eskolako umeak, eta ondoren, Ruben Ruzafa triatloian munduko txapelduna eta Aizarnazabalgo bizilaguna izan da festen hasierako suziria airera bota duena. Gaur hasi eta igande iluntzera arte, ekitaldiz betetako asteburua dute aurretik.

Joan den asteburua ere jai giroko ekitaldiz jositakoa izan zuten Aizarnazabalen, baina, ofizialki, gaur arratsaldean hasi dituzte samielak, udaletxeko balkoitik txupinazoa bota ostean. 19:30ak pasatxo zirenean izan da hori, suziria aireratu aurretik eta ohitura duten moduan, udaletxeko balkoitik Uztarrikora eta alderantziz, elkarri kantari aritu baitira herriko bertso eskolako umeak, dozenaka herritar begira zituztela.

Ondoren, Mari Karmen Arregi alkateak hartu du hitza, herritarrei festak ondo pasatzea opatzeaz gainera, txupinazoa nork botako zuen jakinarazteko. Eta aurtengoan ohore hori izan duena Ruben Ruzafa Aizarnazabago bizilaguna izan da, triatloian munduko txapelduna. Besteak beste, herrian horren ondo hartu izana eskertu die aizarnazabaldarrei euskara hutsean egindako hitzartzean, nahiz eta valentziarra (Herrialde Katalanak) izan jaiotzez.

Gaur hasi eta igande iluntzera arte ekitaldiz betetako asteburua dute aurretik Aizarnazabalen. Hona hemen egitaraua oso-osorik:

  • Gaur, ostirala. Umeen Eguna.
    • 19:30. Txupinazoa, bertso eskolako umeek girotuta.
    • 21:00. Herri afaria, Ollokiegik girotuta.
    • 00:00. Bollywood konpartsa.
    • 00:30. Laket taldearekin berbena.

  • Bihar, larunbata.
    • 11:30. XIV. Joxe Larrarte memoriala, eskuz binaka lau eta erdian. Emakumeak: Ruiz de Infante eta Agirre, Barrokalen eta Mujikaren aurka. Gizonak: Olaizola eta Agirre, Sasiainen eta Alonsoren aurka.
    • 16:30. Gazta tarta lehiaketa, Gaztetxokoko kideen eskutik.
    • 17:00. XVIII. Mus eta Eskoba Txapelketa.
    • 18:30. Legea gu gara kale antzerkia.
    • 19:30. Matraka elektrotxaranga.
    • 22:30. Kontzertuak: Sarean eta Gozategi.
    • Ondoren, Davila DJa.

  • Etzi, igandea. San Miel Eguna.
    • 12:00. Meza nagusia.
    • 12:00. 38. Sagardo Lehiaketa eta Bolo Txapelketa, Alaitsu dantza eskolak musikatuta.
    • 18:00. Herri kirolak. Jesus Iruretagoiena Izeta III.ari eta eta Joseba Ostolazari agurra. Bi omenduek 100 kiloko kopari 100 jasoaldi egingo dizkiote, bien artean. Izeta eta Ostolaza eskoletako gaztetxoek erakustaldia egingo dute, eta Xiete harria plazaratuko dute, nahi duenak proba dezan.
    • Ondoren, afariarekin borobilduko dute omenaldia.
    • 19:30. Los Cazahuetes mariatxiekin dantzaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide