Samielen aurreko berotze lanen asteburua dute honako hau Aizarnazabalen. Atzo gauean ekin zieten jai giroko ekitaldiei, Atari-Soro pilotalekuan, bertso saioarekin. Igotz Alkorta gai jartzaile lanetan zela, Andoni Egaña, Nerea Ibarzabal, Julio Soto eta Oihana Iguaran aritu ziren bertsotan, baina ez haiek bakarrik, herriko gaztetxoak ere igo baitziren oholtzara mikrofonoari eustera.
Gaur, berriz, Euskal Jai eguna gogotik ari dira ospatzen aizarnazabaldarrak. XV. Artzain Txakur Lehiaketarekin hasi dute eguna. Handik gertu, eskola azpian, paella jana prestatzeko lanetan ari ziren bitartean, belardian sei artzain eta beren txakurrak lehiatu dira, eta txapela etxean gelditu da: Manuel Gorritik eta Izar txakurrak irabazi dute lehiaketa, 258 punturekin. Aizarnazabalgoek ez dituzte urruti izan Matxinbentako Inixio Etxeberria eta Miss; bigarren tokian sailkatu dira horiek, 256 punturekin. Xabier Gastañaga eta Sandy Gipuzkoako aurtengo txapeldunak sailkatu dira hirugarren postuan (236), Pello Segurola eta Jak laugarren (220), Mikel Pagazaurtundua eta Lai bosgarren (152), eta Javier Gastañaga eta Fly, seigarren (148).
Artzain txakurren lehiaketaren ordu berean egitekoak ziren herri kirol saioa bertan behera utzi dute. Eguerdia gerturatu ahala, baserritarrez jantzitako haur, gazte eta helduz betetzen joan da herria, eta 280 bat lagun elkartu dira paella janean. Alaitsukoen eskutik eta bingo musikatuarekin kantuan eman dute bazkalondoa aizarnazabaldarrek, eta afal aurreko orduak Skapaie elektrotxarangak girotuko ditu, 19:00etan hasita.
Aurtengo hitzordu bereziena, berriz, 22:30ean izango dute. Berreskuratutako danborrada iragarrita dago ordu horretarako, baina eguraldiak baldintza dezake ospakizuna. Danborradaren ondoren, gauerditik aurrera, berbena izango dute Aizarnazabalen, Bide Batez taldearekin.