Aizarnazabalgo Udalak eta Jai Batzordeak prest dituzte San Miel jaiak, eta bihar hasiko dira herriko festei lotutako aurreneko ekintzak. Ohiko saioen artean, aurten izango da berrikuntzarik jaietan, udalak azaldu duenez, herritarrek hala eskatuta hiru ekintza berreskuratuko baitituzte: herritarren arteko herri kirolak, danborrada eta konpartsa. Horretarako, ordea, herritarren partaidetza ezinbestekoa dela azpimarratu dute antolatzaileek, samielak "herrikoiak eta parte hartzaileak" izan daitezen.
Biharko bertso jaialdiaren ondotik, ohi bezala, Euskal Jai Eguna ospatuko dute larunbatean, eta herritarrek egun osoko ospakizunez gozatzeko aukera izango dute. Gainera, azken urteetan ikusi ez diren irudiak errepikatuko dira Euskal Jai egunean, orduan egingo baitituzte herritarren herri kirol saioa eta danborrada.
Hain zuzen, duela hamar bat urtera arte, Aizarnazabalen hamasei bat urtez urtero egiten zuten danborrada samieletan, Yolanda Alkorta Txanka-k oroitzen duenez. Azken urteetan gero eta herritar gutxiagok parte hartzen zutela eta, ordea, egitasmoa bertan behera geratu zen duela hamarkada bat, eta orain, hura berreskuratzeko saiakera berezia egin du Alkortak, hura izan baita sugarra berriz piztu duena: "Joan zen urteko San Miel bezperan adin desberdinetako zortzi bat lagun elkartu ginen, eta halako melankolia sentipen bat sartu zitzaigun. Oholtza jarrita zegoenez, gauerdiko kanpaiekin batera herriko ereserkia jar zezaten eskatu genien gaztetxeko txosnakoei, eta danborrada inprobisatu bat egin genuen. Orduan esan nuen danborrada berriz martxan jarriko genuela", azaldu du danborradaren sustatzaileak.
Iazko urrian, orduko samielen balorazioa egin zutenean, Alkortak "konpromisoa" hartu zuen aurtengo festetarako danborrada antolatzeko, eta horretan aritu da azken hilabeteetan. "Herriko hainbat kuadrillatako lagun jakin batzuk aukeratu, eta horiei Whatsappez adierazi nien danborrada antolatu nahiko nukeela". Alkortak modu horretara eta ahoz aho zabaldu zuen herrian danborrada egiteko asmoa zuela, eta lehenengo kolpean 50 lagun batu zirela azaldu du. Bultzada hori aprobetxatuz, aurrera egitea erabaki zuen orduan antolatzaileak, eta azkenean, "espero gabeko" erantzuna izan du deialdiak, guztira 90 bat herritarrek parte hartuko dutelako danborradan.
14 eta 70 bat urte bitarteko herritarrek astinduko dituzte atabalak larunbat gauean, baina batez ere gazteak batu direla jakinarazi du Alkortak. Lehen, herriko elkarte gastronomikoek parte hartzen zuten danborradan, baina aurtengoa "herriko danborrada" izango dela azaldu du hark, eta guztiek konpainia bakar bat osatuko dutela.
22:30ean hasiko da danborrada, baina parte hartzaileak ordu erdi lehenago elkartuko dira Zubialden; han abiatuko dute desfilea. Handik herrigunera joango dira, eta bertan itzuli bat eman ondoren, udaletxe aurrean elkartuko dira gauerdirako. Izan ere, kanpaiekin batera sei pieza joko dituzte plazan, herriko ereserkia barne.
Hantxe amaituko dute aurtengo danborrada, eta hurrengo urtean berriz antolatzeko saiakera egingo duela aurreratu du Alkortak: "Uste dut datorren urtean izango duela jarraipena, ikusi dugulako jendea animatzen dela. Guri gertatu zaitzaigun moduan, iruditzen zait gazteei sartuko zaiela gogoa danborrada prestatzeko".
Goizean, artzain txakurrak
Danborradaz gain, XV. Artzain Txakur Txapelketa ere jokatuko dute Euskal Jai Eegunean, sei parte hartzailerekin: Inaxio Etxeberria-Miss (Azpeitia); Javier Gastañaga-Cool (Antzuola, Gipuzkoa); Xabier Gastañaga-Sandy (Antzuola, Gipuzkoa); Mikel Pagazartundua-Lay (Lemoa, Bizkaia); Pello Segurola-Kai (Matxinbenta); eta Manuel Gorriti-Izar (Aizarnazabal).
Hona hemen samieletako egitaraua, osorik:
Bihar, ostirala
- 22:30. Bertso jaialdia. Bertsolariak: Nerea Ibarzabal, Oihana Iguaran, Julio Soto eta Andoni Egaña. Gai jartzailea: Igotz Alkorta.
Irailak 21, larunbata
- 11:00. XV. Artzain Txakur Lehiaketa.
- 11:00. Herritarren arteko herri kirolak.
- 14:00. Paella jana.
- Bazkalostean, Alaitsu dantza taldea kantuan.
- Ondoren, bingo musikatua herriko plazan, Gaztetxokoko kideek antolatuta.
- 19:00-21:00. Skapaie elektrotxaranga herriko kaleetan.
- 22:30. Danborrada herrikoia. 22:00etan Zubialden elkartuko dira partaideak.
- 00:15-03:15. Bide Batez taldearen berbena.