Aizarnazabalgo helduen taldeak huts egin du areto futbol txapelketaren finalerdietako itzulerako partidan

Intza Trula 2024ko eka. 3a, 14:30

Aizarnazabalgo taldea, ostiraleko partidan. (Utzitakoa)

Itziarko taldeak 6 eta 2 hartu zuen mendean Aizarnazabalgoa, joaneko markagailua irauliz eta finalerako txartela eskuratuz. Umeen Aizarnazabalgo taldeak, berriz, 1 eta 4 irabazi zion Errezilgoari, eta final handia jokatuko du larunbatean.

Aizarnazabalgo helduen taldeak huts egin zuen ostiralean jokatutako areto futbol txapelketaren finalerdietako itzulerako partidan, eta, ondorioz, Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futbol Txapelketaren finaletik kanpo geratu da. Umeen taldeak, aldiz, bikain burutu zituen beste behin lanak, eta final handirako txartela eskuratu du. 

Joan den astean hasi zen Gipuzkoako Herri Txikietako Areto Futbol Txapelketa, eta Aizarnazabalgo umeen zein helduen taldeek finalerdietako joaneko partidak irabazi zituzten. Hala, ostiralean jokatu zituzten itzulerako partidak: helduek Zabalsoro frontoian eta haurrek Errezilen.

Joaneko partidan 5 eta 2 irabazi ostean indartsu atera zen Aizarnazabalgo taldea Zabalsoron, baina aurkariak hiru goleko aldea iraultzeko helburuarekin atera ziren, baita lortu ere: 6 eta 2 hartu zuen mendean Itziarrek Aizarnazabal, finalerako txartela eskuratuz.

Hori horrela, larunbat honetan jokatuko dituzte finala eta hirugarren eta laugarren postuetako partida, Berrobin: Itziarko taldeak Berrobiren aurka jokatuko du final handia, eta aizarnazabaldarrek hirugarren postua eskuratzeko norgehiagoka jokatuko dute, Ikaztegietako Kutturruren aurka.

Haurrak, garaipenaren bila

Gaztetxoen kategorian 1-4 amaitu zen partida, Aizarnazabalen alde. Partida polita jokatu zuten bi taldeek, eta lortutako emaitzei esker finalerako txartela eskuratu zuten aizarnazabaldarrek. 

Hala, larunbat honetan, Beteluk eta Aizarnazabalek neurtuko dituzte indarrak final handian. Hirugarren eta laugarren postuak zehazteko partidak, berriz, Errezilek eta Ikaztegietak jokatuko dituzte. Haurren kategoriako partidak ere Berrobin izango dira.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide