Giro onean ari dira ospatzen Aizarnazabalen Gazte Eguna

Andoni Elduaien 2024ko mai. 11a, 16:15

Eguerdian hasi dute Aizarnazabalen Gazte Eguna. Jolasak egin dituzte aurrena, eta herri bazkariaren ostean, arratsalderako eta gauerako ere antolatu dituzte ekintzak.

Gazte Eguna ospatzen ari dira gaur Aizarnazabalen. Adiskide gaztetxeak antolatu du gaurko jaia, eta zirkua gaitzat hartuta, eguerdia pasata zela bota dute eguna hasteko txupinazoa. Segidan egin dituzte kuadrillen arteko jolasak. Arrautza nahiz urez betetako puxikak elkarri pasatzeko jolasa, urez eta irinez nahastutako ontzitik goxokia aurkitzeko errelebo jolasa, madalena jana eta lagunari puxika lehertzeko jolasa egin dituzte, besteak beste. Umorerik ez dute falta izan.

14:30ean, herri bazkaria egiteko elkartu dira, eta 17:00etan, Zooplost piztia basatiaren jolasa egingo dute plazan. 19:00etatik aurrera, musika emanaldiek hartuko dute herria. Elektrotxufla elektrotxarangak girotuko du festa lehendabizi, eta Patx DJak hartuko dio lekukoa ondoren. 23:00etan, berriz, GZR taldeak dantzan jarriko ditu gazteak zein gazte ez direnak, eta eguna amaitzeko, ondorengo DJ saioak antolatu dituzte: Davila, Txitxa eta Tximas ariko dira zuzenean. Hona hemen Gazte Eguneko egitaraua osatzeko falta dena:

  • 17:00. Zooplost piztia basatiaren jolasa.
  • 19:00. Elektrotxufla elektrotxarangaren emanaldia.
  • 21.00. Patx DJa.
  • 23:00. GZR taldearen emanaldia.
  • 00:00. Davila, Txitxa eta Tximas DJak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide