Aizarnazabalen Gaztetxetik herrira, guztientzat

Intza Trula 2024ko mai. 10a, 10:01

Aizarnazabalgo Adiskide gaztetxeak Gazte Eguna antolatu du bihar larunbaterako. Zirkua da aurten hautatutako gaia, eta horren bueltan ondu dute egun osoko egitaraua, 12:00etan hasita.

Herritik eta herriarentzat, festak amaierarik izan ez dezan, Gazte Eguna antolatu du Adiskide gaztetxeak bihar larunbaterako. Zirkua da aurten aukeratutako gaia, eta haren inguruan askotariko osagaiak izango ditu egun osorako prestatu duten egitarauak. Denetarik egongo bada ere, jan-edana, musika eta giro ona izango dira protagonista, zalantzarik gabe. 12:00etan, txupinazoa bota orduko murgilduko da herria festa giroan, eta nahi duenak eta gorputza lagun duenak igande goizaldera bitarte izango du ospatzen jarraitzeko aukera.

Egun osoko egitaraua antolatzeak aurretiaz egin beharreko lan ugari dakar. Dena aurreikusi bezala atera dadin, hiru hilabete daramatzate Adiskide gaztetxeko kideek biharko egunaren prestaketa lanetan; dela jolasak antolatzen, dela musikariekin hitzorduak lotzen, dela kamisetak egiten. Hala ere, Elene Odriozola gaztetxeko kideak dioenez, festa egunaz adina gozatu dute bideaz ere: "Gazte Eguna urtean behin ospatzen dugun festa da, guztion artean egiten dugun festa. Lan asko du atzetik, noski, baina prozesuaz ere asko gozatu dugu". Ildo beretik mintzatu da Haritz Gorriti gaztetxeko kidea: "Azken finean, herriko gazteok batera egoteko eguna da biharkoa".

Hogei kidetik gora dira gaur egun taldean, eta udalarengandik "eskatutako laguntza guztia" jaso badute ere, herriko gazteen antolakuntzaren eta lanaren emaitza da Gazte Eguna. "Kanpotik laguntza jaso dugu behar izan dugun guztian, baina gaztetxekoon kontua da ia dena. Orain arte ondo moldatu gara, eta nahi bezala atera zaizkigu gauzak. Jendea ere gustura dago emaitzarekin", azaldu du Odriozolak. "Urteak dira gaztetxeak Gazte Eguna ospatzeko ardura bere gain hartu zuela", gehitu du Gorritik.

Aharia zirkuan

Azken urteotan Aizarnazabalgo Gazte Egunera joan den orok izango du gogoan aharia, festaren irudia izan baita. Aurten, ordea, zirkua gehitu diote ahariari, eta bi elementu horien bueltan antolatu dute eguna. "Herrira zirkua etortzen denean berarekin dakartza umorea eta giro ona, baita gauza arraro bezain bereziak ere. Azken finean, gu hori guztia ere bagara", dio Gorritik.
 
Azken edizioetan Gazte Egunaren irudia "zaintzen" saiatu da Adiskide gaztetxea, eta "estetika propioa" eraikitzeko egin dute lan. Horren erakusle dira urtero eguna iragartzeko argitaratzen dituzten kartela eta bideoa.

Eguerditik aurrera, festa

Eguerditik aurrera nonahi eta nolanahi izango da festa Aizarnazabalen, herritarren zein bertara gerturatuko direnen gozamenerako.

Txupinazoa gaztetxeko leihotik botako dute 12:00etan, egunari ofizialki hasiera emateko. Jarraian, "gehienbat" gazteei zuzendutako jolasak izango dira. Xuban Irazustabarrena gaztetxeko kidearen aburuz, jolasok aukera bikaina izango dira "izerdi apur bat botatzeko eta datorrenerako prestatzeko". 

Festa egun batean ezinbesteko hitzordua izan ohi da herri bazkaria. Hain justu, 14:30ean elkartuko dira bihar Pailazo gazteen bazkaria egiteko, eta joaten direnek honako menu hau izango dute: kroketak, entsalada, saiheskia patatekin eta saltsarekin, ijito besoa, postrea, kafea eta patxaran kopa.

Atseden hartzeko denbora tarte handirik gabe, 17:00etan Zooplost piztia basatiaren jolasa egingo dute plazan. Ohitura bihurtu da jolas hori Gazte Eguneko egitarauan eta, xehetasun askorik eman nahi izan ez badute ere, jolasa oraindik ezagutzen ez dutenentzako aurrerapena eman du Gorritik: "Gaztetxeko ideia zoro bat da, apustu antzeko zerbait, oso berezia, puntu barregarri batekin". 

19:00etatik aurrera, musika emanaldiek hartuko dute herria. Elektrotxufla elektrotxarangak girotuko du festa lehendabizi, eta Patx DJak hartuko dio lekukoa ondoren. 23:00etan, berriz, GZR taldeak dantzan jarriko ditu gazteak zein gazte ez direnak, eta eguna amaitzeko, ondorengo DJ saioak antolatu dituzte: Davila, Txitxa eta Tximas ariko dira zuzenean.

Gazte Eguneko egitaraua:

  •  12:00. Txupinazoa gaztetxeko leihotik.
  • Ondoren, jolasak.
  • 14:30. Pailazo gazteen bazkaria. Menua: kroketak, entsalada, saiheskia patatekin eta saltsarekin, ijito besoa, postrea, kafea eta patxaran kopa.
  • 17:00. Zooplost piztia basatiaren jolasa.
  • 19:00. Elektrotxufla elektrotxarangaren emanaldia.
  • 21.00. Patx DJa.
  • 23:00. GZR taldearen emanaldia.
  • 00:00. Davila, Txitxa eta Tximas DJak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide