Samieletan murgildu dira aizarnazabaldarrak. Atzo arratsaldean, Samiel egunaren bezperan, bota zuten txupinazoa, bi urteko hutsunaren ostean, festez gozatzeko irrikaz.
Alaitsu dantza taldekoek bota zuten txupinazoa, eta haur, gazte eta heldu kalejiran dantzan iritsi ziren udaletxeraino. Balkoian, taldearen ordezkariak inguruan zituela Mari Karmen Arregi alkateak hartu zuen hitza. Suziria eztandarazi ondoren, plazara jaitsi eta dantzan jarraitu zuten Alaitsukoek.
Eguraldiak ateri eutsi zuen, eta txupinazoa amaituta trikitilariekin poteoan ibili ziren aizarnazabaldarrak.
Gaur jarraituko dute festarekin; izan ere, Samiel eguna da gaurkoa, eta aizarnazabaldarrek izango dute zer egin eta zertaz gozatu. Festa hasi besterik ez da egin Aizarnazabalen, igandera bitartean ospatuko baitituzte horrenbeste itxarondako samielak