Aizarnazabalgo samielak, azken txanpan

GUKA Telebista 2023ko ira. 30a, 23:13

Azken txanpan sartu dira Aizarnazalgo samielak. Gaur, larunbatez, lasai antzera hasi dute eguna, eta arratsaldera arte ez da ekintzarik izan herrian, izan ere, atzo herri afaria eta erromeria egin zituzten. Gaur arratsaldean 16:00etan hasita, mus eta Eskoba txapelketak egin dituzte eskola azpian, eta adin guztietako herritarrak animatu dira jokora. Gaztetxoenek, aldiz, altxorraren bila eta patata tortilla txapelketa egin dituzte. Aurrena, patata tortilla prestatzeko beharrezko osagaiak bilatu dituzte herrian zehar, eta behin horiek aurkituta, patata tortilla prestatu dute. Guztira, lau taldetan banatuta osatu dute proba, baina gaztetxo ugari bertaratu da txapelketa ikustera. Eguna musikaz girotuta amaituko dute, elektrotxaranga eta kontzertuen doinuetara; izan ere, Elektrotxorongok dantzan jarri ditu bazterrak, eta eguna borobiltzeko kontzertuak eskainiko dituzte Sarean, Los Zopilotes Txirriaos eta J Martinak. Bihar, kirola izango da protagonista. Goizean, Joxe Larrarte Memoriala jokatuko dute eta arratsaldean herri kirol ikuskizunak izango dira festak agurtzeko.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide