Irribarreak eta giro ona protagonista, San Silbestre lasterketan

Intza Trula 2023ko abe. 31a, 14:00

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 60 lagun inguruk hartu dute parte gaur eguerdiko lasterketan. 12:00etan zabaldu dute izen-ematea, eta 12:30ean abiatu dira lasterkariak udaletxearen aurretik.

Ohikoa bihurtu den moduan, aurten ere urtea korrika amaitu dute Aizarnazabalen. 12:00 aldera zabaldu dute lasterketako izen-ematea, eta ordu horretan hasi da pixkanaka ingurua herritarrez betetzen. Hain zuzen, 12:30ean, elizako kanpaiak jotzearekin batera, atera dira ziztu bizian lasterkariak udaletxearen aurretik. Antolatzaileek azaldu dutenez, 60 herritarrek hartu dute parte gaurko lasterketan.

Hori horrela, umeek lau itzuli eman behar izan dizkiote ibilbideari, helduek, aldiz, zortzi. Udaletxe aurretik atera dira parte hartzaileak, ondoren eskola azpitik eta Erreka kafetegitik pasa dira, berriz ere udaletxe aurrera itzultzeko. 

Udalak azaldu zuen moduan, lasterketa "herrikoia" izan da gaurkoa, lehiakortasuna alde batera utzita. Ez da irabazlerik egon, eta guztiek izan dute pintxoa jateko aukera amaieran.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide