Aizarnazabalen ere prest daude Gabonak ospatzeko

Intza Trula 2023ko abe. 19a, 11:20

Iazko San Silbestre lasterketako irudia. (Ane Olaizola)

Datozen asteetan, Gabon eskea, Olentzeroren etorrera, San Silbestre lasterketa herrikoia eta Errege Magoen kabalkada egingo dituzte Aizarnazabalen ere.

Gabon garaia heltzear da, eta Aizarnazabalen ere prest dituzte festak ospatzeko ohiko jarduerak. Hori horrela, urtero legez, Gabon eskea, Olentzeroren etorrera, San Silbestre lasterketa eta Errege Magoen kabalkada antolatu ditu udalak.

Hain zuzen, Gabon egunean, abenduaren 24an, Gabon eskera aterako dira herritarrak, eta inguruko baserriak zeharkatuko dituzte Gabon kantak abesten. Olentzerok ere bisitatuko du herria egun horretan. Ilunabarrarekin batera etorriko da Aizarnazabalera, etxeko txikienen eskaerak jasotzera. Urtarrilaren 5ean, aldiz, Errege Magoen kabalkada igaroko da herritik. 

Horrez gainera, aurten ere urtea korrika amaituko dute aizarnazabaldarrek. San Silbestre lasterketa korrituko dute urteko azken egunean, abenduaren 31n. Lasterketa "herrikoia" izango dela azaldu du udalak, lehiakortasuna alde batera utzita. "Ez da irabazlerik egongo. Guztiek parte hartzea nahi dugu eta urtea elkarrekin amaitzea da helburua. Korrikalari guztiek izango dute askaria amaieran", azaldu du udalak. Udaletxe aurretik abiatuko dira parte hartzaileak, ondoren eskola azpitik eta Erreka kafetegitik pasako dira, berriz ere udaletxe aurrera itzultzeko. Gutxienez lau itzuli eman beharko zaizkio ibilbideari, eta gehienez zortzi. 

Egitaraua:

Abenduak 24, Gabon eguna

  • 09:00. Gabon eskea baserriz baserri, udaletxetik hasita.
  • Eguerdian, kalejira herrian zehar.
  • 18:00. Olentzeroren etorrera.

Abenduak 31, Urtezahar eguna

  • 12:00. San Silbestre lasterketako izen-ematea zabalduko da.
  • 12:30. San Silbestre lasterketa.
  • Ondoren, DJ Patx eta DJ Olaberri.

Urtarrilak 5, Errege egunaren bezpera

  • 18:30. Errege Magoen kabalkada.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide