Aizarnazabalgo Udalak 2017an herriko eraikinen fatxadak berritzeko diru laguntzen ordenantzari hasierako onespena eman zion joan zen abenduko udalbatzarrean. Horrenbestez, herritarrek datorren azaroaren 30a bitartean eska ditzakete eraikinen fatxadak berritzeko diru laguntzak.
Ordenantza horretan jaso dutenez, gehienez, 2.000 euroko laguntza jaso ahal izango dute herritarrek lanok egiteko. Diru laguntzaren zenbatekoa zehazterakoan kontuan hartuko dituzte lanek eta ordainsari teknikoek sortutako gastuak. Baina zergak, tasak eta beste zenbait ordainketa ez dituzte kontuan hartuko.
Hainbat agiri
Diru laguntza eskatzen dutenek azken fakturak eta ordainagiriak aurkeztu beharko dituzte udaletxean. Gainera, herritarrek egiaztatu beharko dute Administrazioarekin Gizarte Segurantza eta Zerga obligazioak betetzerakoan eguneratuta daudela. Eta, horrez guztiaz gain, diruz lagundu diren lanak finantzatzeko jaso diren bestelako diru laguntza guztien zerrenda ere aurkeztu beharko dute laguntza eskatzen dutenek.
Eskatutako dokumentazioa aurkeztu eta udal lizentzia badela eta han jasotako baldintzak betetzen direla egiaztatzean, udaleko zerbitzu teknikoak egiaztatze txostena bidaliko dio laguntzaren eskatzaileari.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide