2017rako aurrekontuak aho batez onartu dituzte Aizarnazabalen

Erabiltzailearen aurpegia Julene Frantzesena 2016ko abe. 2a, 10:04

Aurtengo aurrekontua baino %2 handiagoa izango da datorren urtekoa. Herritarren "beharrei" erantzutea du xede udalak.Tasak eta zergak izoztea erabaki dute aho batez.

Aizarnazabalgo udaletxea. (Nerea Uranga) Herenegun onartu zituen Aizarnazabalgo Udalak datorren urterako aurrekontuak. Asteazkenean egin zuten udalbatzarra, eta  aho batez hartu zuten 2017rako aurrekontuak onartzeko erabakia, EH Bilduren bost botorekin eta EAJren boto batekin. Horrenbestez, 1.630.630 euroko aurrekontua izango du udalak datorren urtean; aurtengo aurrekontua baino %2 handiagoa. Aizarnazabalgo alkate Mari Karmen Arregik jakinarazi duenez, herritarren "beharrei erantzuteko" haiei eskaintzen zaizkien zerbitzuak "hobetzea" da helburua. "Horretarako, udal baliabideak modu eraginkorrean eta jasagarrian kudeatzea ezinbestekoa da". Arregik dioenez, "pertsonak" dira udal jardunaren "jomuga nagusia", eta haien gizarte beharrei "erantzutea" dute xede. Horregatik, Gizarte Zerbitzuei lotutako zerbitzuetara bideratutako diru saila mantendu egingo dute. "Etxez etxeko arreta zerbitzua, gizarte larrialdietarako laguntzak edo familien esku-hartze programetara bideratutako diru kopuruak mantenduko ditugu, eta beharrezkoa bada, kopurua handitzeko konpromisoa hartzen dugu", azaldu du. Horrez gain, gizarte ongizate esparruan ere egitasmoak aurrera eramatea aurreikusten dute. Beste batzuen artean, Berdintasun Plana garatuko dutela eta zahartze aktiboa sustatzeko ekimenak egingo dituztela aditzera eman du. Bestalde, Arregik dio kirola eta kultura sustatzen ere ahaleginduko direla; izan ere, udalarentzat horiek ere beharrezkoak dira herritarren bizi kalitatea hobetzeko. Tasak eta zergak, izoztuta 2017rako udal tasak eta zergak bere horretan mantentzea erabaki zuten aho batez, udalbatzarrean. Hala, ordenantza fiskalak izoztu egingo dituzte datorren urtean. Arregik azaldu duenez, iaz igoera arin batzuk ezarri zituzten zenbait tasatan eta zergatan, eta aurten ez dute "horretarako beharrik" ikusi. Datorren urtean hirigintzari eta azpiegiturei lotutako hainbat lan egitea ere aurreikusten du udalak. "Energia eraginkortasuna lortzeko eta energia aurrezteko" duela bi urte hasi zituzten argiteria publikoa aldatzeko lanak bukatzea dute xede. Gainera, ur saneamendu sarea berrituko dute Zubialde auzoan. Eta, horiez gain, "baserri ingurua suspertzeko" baserri bideak konpondu eta txukunduko dituzte Etxabe auzoan. Hiru mozio hizpide Udalbatzarrean hiru mozio ere izan zituzten hizpide. Batetik, joan den azaroaren 25aren harira, emakumeen aurkako indarkeriarekin bukatzea eskatzeko mozioa izan zuten hizketagai, eta aho batez onartu zuten udaleko ordezkari politiko guztiek. Bestetik, besteak beste, Eusko Jaurlaritzak, hiru aldundiek, EAEko hiru hiriburuetako eta hainbat herritako udalek, Eudelek eta Uemak Euskararen Egunerako prestatu eta adostu duten testua aurkeztu zuten. Zer egin dezaket nik euskararen alde? testuak EH Bilduko bost ordezkarien aldeko botoak jaso zituen; EAJko zinegotzia abstenitu egin zen. Horiez gain, joan den urriaren 15ean Altsasun izandako liskarraren ondotik etorri diren gertakarien aurrean, udalak adierazpena egin zuen kartzelatu dituzten gazteei babesa emateko. Altsasuko Udalak joan den azaroaren 16an onartutako testua izan zuten eztabaidagai, eta aho batez onartu zuten adierazpena.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide