Kirol Herri txapelketaren bigarren jardunaldia izan zen atzo arratsaldean Aiako probalekuan. Hainbat lagun harmailetan zirela, aizkoran eta harri jasotzen nor baino nor aritu ziren hamar kirolari. Dozenaka herritar joan ziren hitzordura, urrian Getarian egin zuten saiora baino gutxiago, baina kirolariek eskaini zuten erakustaldiak bete zituen ikusleen espektatibak.
Harri jasotzaileak izan ziren lanekin hasten aurrenak. Emakumeetan Leire Olea aritu zen harria jasotzen; hark hogei altxaldi egin zituen 75 kiloko zilindroarekin, eta 22, berriz, 62,5 kiloko bolarekin. Beñat Telleriak eta Jon Gisasolak, hurrenez hurren, hemezazpi eta hamasei altxaldi egin zizkioten 112,5 kiloko harri kubikoari; pisu bereko bola, ostera, hogeina aldiz jaso zuten.
Gizonetan, lau aizkolari aritu ziren lehian. Kanaerdiko eta 60 ontzako bina enbor ebaki behar izan zituzten horiek, eta Mikel Larrañaga izan zen lan bukatzen aurrena; bederatzi minutu eta bi segundo behar izan zituen. Haren atzetik, hamabi segundora, amaitu zituen lanak Eneko Otaño beizamarrak, eta Aitzol Atutxa (10.28) eta Oier Mitxelena (11:31) sailkatu ziren gero.
Emakumeetan, berriz, Oihana Fernandez Barrena izan zen onena; 45 ontzako eta kanaerdiko enbor bana mozteko sei minutu behar izan zituen. Bigarren Uxue Ansorregik (7.32) egin zuen, eta hirugarren (8:13) Irati Astondoak.
Finala, Asteasun
Getarian egin zuten joan zen urriaren 12an Kirol Herri Okelan sariaren lehen jardunaldia. Urtea bukatzerako hainbat plazatan jardungo dute herri kirolariek txapelketa horretako saioak egiten, baina gaur-gaurkoz ez dituzte hitzordu denak zehaztuta. Hori bai, azaroaren 29an Oikian (Zumaia) izango da txapelketako hitzordua, eta finala, berriz, abenduaren 31n egingo dute, Asteasun (Gipuzkoa).