Vicente, Astondoa, Garmendia eta Esnaola nagusi Kirol Herri txapelketaren lehen hitzorduan

Usua Garin-Julene Frantzesena

Getariako frontoia jendez lepo zela egin dute herri kirol txapelketaren lehen hitzordua. Aizkoran Iker Vicente eta Irati Astondoa nagusitu dira, eta harri jasotzen, Gari Garmendia eta Olaia Esnaola. Datozen hilabeteetan beste hainbat saio egingo dituzte, eta abenduaren 31n izango da Kirol Herri txapelketaren finala, Asteasun.

Kirol Herri sariaren aurtengo edizioko lehen hitzordua izan da gaur, urriaren 12a, Getarian. Txapelketako lehen hitzordua izan da, eta bederatzi kirolari aritu dira nor baino nor lehian, aizkoran nola, harria jasotzen hala. Getariako frontoia jendez leporaino bete da, ikusmina piztu du ekitaldiak, eta kirolariek ez dute hutsik egin; erakustaldi bikaina eskaini dute. 

Harri jasotzaileek ekin diote aurrena lehiari. Gizonetan Gari Garmendia bakarrik aritu da, Jon Gisasola gaixorik zegoelako, eta emakumeetan, berriz, Olaia Esnaola azpeitiarra. Garmendiak hamasei altxaldi egin ditu 112,5 kiloko kubikoarekin, eta pisu bereko bola hogei aldiz igo du. Esnaolak, berriz, hamazazpi altxaldi egin dizkio 75 kiloko zilindroari, eta hemeretzi, ostera, 62,5 kiloko bolari. 

Aizkolarien txanda izan da gero. Gizonetan, Iker Vicente otxagabiarra izan da nagusi; hark zortzi minutu eta 56 segundo behar izan ditu kanaerdiko eta 60 ontzako bina enbor ebakitzeko. Haren atzetik sailkatu dira, hurrenez hurren, Ibai Soroa (10.18), Jokin Urretabizkaia (10.22) eta Julen Gabirondo (11.29). Emakumeetan, berriz, Irati Astondoa gailendu da, bederatzi minutu eta 52 segundo behar izan baititu 45 ontzako eta kanaerdiko enbor bana mozteko. Ekiñe Lopez izan da bigarren (hamabost minutu eta hamabost segundo behar izan ditu lanak bukatzeko), eta Garazi Izagirre hirugarren (hamasei minututan eta 56 segundotan bukatu ditu lanak).

Finala, Asteasun

Gaur hasi baino ez da egin txapelketa. Izan ere, Gipuzkoako hainbat plaza zeharkatuko ditu abendura bitartean Kirol Herri Okelan sariak. Azaroaren 29an, esaterako, Oikian (Zumaia) izango da txapelketa, eta plaza batzuk finkatzeko dituzte oraindik ere. Finala, berriz, abenduaren 31n izango da, Asteasun (Gipuzkoa).

Orotara, 30 kirolari ariko dira nor baino nor finalerako txartela eskuratzeko lehian. Gainera, abendura bitarteko lehian bakarka jardungo dute kirolari horiek, eta aurreratu dutenez, udaberrian taldeka egingo dute txapelketa. 

Gaurko ametsak biharko albiste izan daitezen, beharrezkoa dugu zure babesa.


Egin bazkide