Traka zaratatsuarekin hasi zituzten atzo arratsaldean Aiako festak, eta eguna amaitzeko herri afaria egin zuten 360 lagun inguruk pilotalekuan Izer eta Alabier trikitilariek alaituta. Gaur, goizean goizetik jarraitu dute festan.
San Donato eguna da gaur, eta gaupaseroen gosariarekin hasi dute egitaraua. 08:30etik aurrera, kalez kale zehar ibili dira herriko txistulariak ere. Meza nagusia izan da gero, 11:00etan, eta eguerdian, herriko eskuzko pilota txapelketaren finalei ekin diete. Ohi bezala, jende ugari elkartu du kirol ekitaldiak frontoira.
10 urtez azpikoen eskuzko finala Abel Lopetegik eta Markel Expositok jokatu dute Danel Solabarrietaren eta Xuhar Artolaren kontra, eta Solabarrieta-Artola bikotea izan da nagusi; 21 eta 17 nagusitu da. Bigarren finala, 11 eta 15 urte bitarteko pilotariena jokatu dute gero: Haitz Etxarrik eta Adei San Sebastianek 20 eta 14 irabazi diete Urtzi Zabalari eta Julen Sagastibeltzari.
Arratsalde-gau parterako ere ekintza sorta zabala dute zain aiarrek. Honakoa da egunaren bigarren zatiko egitaraua:
- 15:30. Mus txapelketa.
- 18:00. II. Dantza Suelto Txapelketa.
- Jarraian, kalejira buruhandi eta trikitilariekin, herriko kaleetan zehar.
- 22:00. Bertso Jaialdia, Maialen Lujanbio, Nerea Ibarzabal, Xabat Illarregi, Andoni Egaña eta Amets Arzallus bertsolariekin. Gai jartzailea: Sebastian Lizaso.
- Ondoren, Tapia eta Leturia Band.