Aiako festak 2026

Gizarte arloan lan andana egindako herritarrak omenduz hasi dituzte San Donato eta San Lorentzo jaiak Aian

Onintza Lete Arrieta 2026ko abuztuaren 6a

Odol emaileen elkarteko Fermin Zuloaga eta Pilar Mintegi senar-emazteak eta etxez etxeko laguntzan aritzen diren Arantzazu eta Maria Angeles Beldarrain ahizpak arduratu dira aurten traka pizteaz. Aurrez, soka dantza dotorea eskaini diete herritarrei udaleko eta festetan parte hartzen duten eragileetako ordezkariek. 

Traka ezin zaratatsuagoarekin, hasi dira aurtengo San Donato eta San Lorentzo festak Aian. Iaz bezala, aurten ere udalak herritar jakin batzuei eman die traka pizteko ohorea: zehazki, odol emaileen elkarteko Fermin Zuloaga eta Pilar Mintegi senar-emazteei eta etxez etxeko laguntzan aritzen diren Arantzazu eta Maria Angeles Beldarrain ahizpei. Lauek herriaren alde hainbat urtetan egindako lana goraipatu du Jon Ander Azpiroz alkateak. 

Trakaren aurretik, aurten ere soka dantza egin dute udaleko alderdietako eta festetan parte hartzen duten eragileetako ordezkariek, Azpiroz bera buru zela; gazte asanbladako, guraso elkarteko, talde feministako, gaztelekuko eta jai batzordeko kideek parte hartu dute. Saio dotorea osatu dute denen artean, eta herritarren txaloak jaso dituzte. Garikoitz Mendizabal txistulari bikainaren laguntza izan dute, gainera, dantzarako. 

Ondoren, ume guztiek itxoiten zuten momentua iritsi da: 18:30ean jaurti dute suziria, eta berehalakoan azaldu dira Kultur Etxeko atetik dozena erdi buruhandi, ipurdiko batzuk partitzeko prest. Izer eta Alabier trikitilariak ere prest ziren, eta kalejira egin dute denek elkarrekin herriko kaleetan zehar. 

21:30ean, egunari amaiera ezin hobea emateko, herri afaria egingo dute pilotalekuan. Urteroko kuadrilla fin-fin aritu da aurten ere marmitakoa prestatzen. 360 lagunentzako otordua jarri dute. On egin dagiela denei. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide