Albistegia

Aspaldiko partez, Santiokoak nagusi festetako erronkan

Onintza Lete Arrieta eta Gorka Eizagirre 2026ko uztailaren 31

San Martin bailarakoei aurre hartu diete Santio Errekako festen azken egunean egin ohi duten herri kirol erronkan. Umore ona nagusi, elkarrekin bazkaldu dute gero. Iluntzean amaituko dira festak Bide Batez taldearen erromeria saioarekin.  

Festen azken eguna izan da gaur Santio Erreka auzoan, eta egunari hasiera ona emateko, urtero bezala erronka jokatu dute Santiokoek San Martin bailarakoen kontra. Saioa hasteko nahiz amaitzeko, harri jasotze erakustaldia eskaini dute Gorka Etxeberriak eta Aratz Zubeldiak, tartean 136 kiloko harri baldarrari seina altxaldi emanda, eta ondoren, harri jasotzen, ingude altxatzen, txingekin, korrika eta trontzan aritu dira nor baino nor gehiago bi auzoetako gazteak.

San Martin bailarakoak hasi dira lanean. Zirkuitua hiru bider egin dute segidan. Harri jasotzen 100 kiloko kubikoa eta 64 kiloko zilindroa jaso dituzte seina aldiz, eta ingudea 15 bider altxatu dute. Txingekin frontoia zeharkatu, eta korrika frontoitik abiatu eta Portu erretegiari kanpoaldetik buelta eman diote. Ondoren, trontza zati bat moztu dute. Bigarren eta hirugarren bueltak berdinak izan dira, baina hirugarrenean bi trontza zati moztu dituzte. 

Santiokoek lan berak egin dituzte, baina harri jasotzaileetako bat emakumezkoa zenez, horrek 64 kilokoa beharrean, 50 kiloko zilindroa altxatu du. 

Azkenean, eta San Martingo taldekide baten erorikoa tarteko, segundo gutxiren aldeagatik etxekoek irabazi dute lehia.

Umore ezin hobearekin eta lehia bizian jardun dute, han bildutako auzotarren gozamenerako, eta ondoren, partaide denek elkarrekin bazkalduz berreskuratu dituzte indarrak.

Iluntzean erromeriarekin amaituko dituzte aurtengo santioak, 20:00etan Bide Batez taldea igoko baita oholtzara. 

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide